EFSAk, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC), hegazti-gripeari buruzko EBko erreferentziazko laborategiek eta hegazti-gripearen eraginpean dauden estatu kideetako agintariek txosten bat argitaratu dute hegazti-gripea EBn eta mundu osoan nola dagoen azaltzeko, eta hiru hilean behin eguneratu eta kaleratuko dute.

 

Txostenean, EBn 2016tik 2017ra izandako “azken” agerraldiak zehaztu dituzte. Bildutako datuen arabera, H5N8 anduiak eragindako patogenotasun handiko hegazti-gripea (IAAP) Europako 29 herrialdetara zabaldu zen, eta EBn inoiz erregistraturiko epidemia handiena izan zen, hegaztietako agerraldien kopurua, hedatze geografikoa eta hildako basoko hegaztien kopurua kontuan hartuta.

 

Lehenengo agerraldiek aldi batez iraun zuten hegaztiekin lotutako sektore guztietan, baina ondoren gehiago hedatu ziren uretako hegaztien etxeko espezieen artean. 

 

Hegazti-gripearen eraginpean egon diren EBko estatu kide guztien ahaleginari esker, eskortako hegaztien, hegazti gatibuen eta basoko hegaztien kasuen deskripzio epidemiologikoa egin ahal izan da, eta estatu kide bakoitzean aplikaturiko neurriei buruzko informazioa eskuratu da.

 

Bestalde, txostenaren egileek azpimarratu dute datu gehiago lortu behar direla eskortako hegaztien populazioaren egiturari buruz, datuak eta arrisku-faktoreak errazago aztertu ahal izateko. Era berean, proposatu dute kontrol-jarduerekin lotutako definizioak guztiek ulertzeko moduan azaltzea eta aplikatzea, eta EBko estatu kideen bidez horiei buruzko informazioa ematea.

 

Gainera, txostenean azaltzen dutenez, nahiz eta agerraldiek iraun bitartean gizaki ugari egon ziren eskortako hegazti kutsatuen eraginpean, ez da identifikatu gripea gizakiengana transmititu den kasurik. 

 

Beste kontinenteetako agerraldiei dagokienez, hegazti-gripearen egoera monitorizatu ondoren ikusi da arriskua dagoela Asiako IAAP A (H5N6) birusa distantzia luzera hedatzeko mendebaldeko Europako negu-tokietarantz, aurreko urteetan IAAP (H5N8) eta IAAP (H5N1) birusekin gertatu zen moduan. Gainera, Afrikan bizkor ari da eboluzionatzen IAAP (H5N8) eta (H5N1) birusek sortutako egoera.

 

Halaber, txostenean ondorioztatzen denez, EBn ez da jakinarazi (H5N1), (H5N6), (H7N9) eta (H9N2) subtipoek gizakietan eragindako kasurik. Birusok gizakiei transmititu zaizkieneko kasuak eremu jakin batzuetan baino ez dira jakinarazi; nagusiki, Asian eta Egipton, basoko hegaztiekin eta/edo eskortako hegaztien populazioekin interakzio sakona egon den lekuetan.

 

Hegazti-gripearen txostena: 2016ko urria – 2017ko abuztua

Hegazti-gripea sartzeko arriskuaren eta EBko zaintza-ikuspegien berrikuspena

Bestalde, EFSAko adituen talde batek eredu matematiko bat garatu du, eta erakutsi du EBko basoko hegazti “nahiko” handien populazioak kutsatzen direnean areagotu eta heda daitekeela birusa. 

 

Iraganean, ziur asko basoko hegazti migratzaileen bitartez sartuko zen EBn patogenotasun handiko hegazti-gripearen birusa.

 

Adituek diotenez, patogenotasun gutxiko hegazti-gripearen (IABP) birusak IAAParen birusaren pareko gehieneko pebalentzia mailak izan ditzake basoko hegaztien populazioetan. Hala ere, kalkulatu zuten hegazti-ustiategiek arrisku txikiagoa dutela IABParen eraginez kutsatzeko IAAParen eraginez kutsatzeko baino.

 

EFSAk hegazti-gripeari buruz egindako balorazio berriak