Hegazti-gripea: Landetako agerraldia
Landetako gobernuak PHHGaren (patogenotasun handiko hegazti-gripea) foku baten berri eman du Landak departamenduko Les Hastingues udalerriko ateen ustiategi batean.
Frantziako hego-mendebaldean PHHG H5N1 birusaren zirkulazioa baieztatu ondoren, Gers departamenduan, bigarren PHHG foku bat hauteman da Landetako baserri horretan. Guztira, 2021/12/21ean, 17 dira etxeko hegaztien fokuak eta 12 basa-hegaztien fokuak.
Ondorioz, eskualdeko agintaritzek euspen-neurri egokiak hartu zituzten birusa hedatzea ekiditeko, eta 2021eko abenduaren 19an prefetura-dekretu bat argitaratu zuten. Agindu berri horretan honako hau xedatzen da:
- Eremu mugatuko eta zaintza-eremuko udalerrien zonakatzea.
- Eremu mugatuan animalien eta arrautzen garraioan aplika daitezkeen neurriak.
- Eremu mugatuan animalien produktuen garraioan aplika daitezkeen neurriak.
Eremu mugatuko hegaztien mugimenduei dagokienez, debekatuta dago animalien zirkulazioa, berehala sakrifikatuko diren hegaztiena izan ezik; horiei azterketa klinikoa egingo die albaitari profesional batek.
Birusaren hedapena geldiarazteko biosegurtasun-neurrien oroigarri gisa honako hauek nabarmentzen dira:
- Zorrozki betetzea biosegurtasunarekin, garbiketarekin eta desinfekzioarekin lotutako neurriak (ibilgailu, arropa eta oinetako bereziei begira), baserrietan sartu eta ateratzean dutxatzea…
- Hegaztien hazkuntzan funtsezkoa ez den esku-hartze oro etetea.
- Ekoizleek ezingo dituzte bisitatu beste hegazti-ustiategi batzuk, eta zaintzaileak ez dira joango beste baserri batzuetara.
- Kontaktu zuzena ekiditea, eskortako hegaztiak biltzean gertatzen den moduan.
- Ehiztariak ustiategian sartzea ekiditea, birusa dagoeneko ingurumenean baitago.
Horrez gain, gogorarazten dute nahitaezkoa dela atzerapenik gabe jakinaraztea edozein susmo kliniko albaitari profesional bati.