Hegazti-gripearen antigorputzak antzeman dira Holandako esne-behi batean
Holandako osasun-agintariek A H5N1 hegazti-gripearen birusaren aurkako antigorputzak identifikatu dituzte esne-behi baten esnean. Osasun agintari horien arabera, aurkikuntzak iraganean birusarekiko esposizioa izan zuela adieraziko luke.
Bestalde, Gaixotasunen Prebentziorako Europako Zentroak (ECDC) adierazi du birusak ez diela eragin ustiategi horretako beste animaliei, eta, era berean, ez dela sintomarik antzeman aziendarekin kontaktuan egon ziren pertsonen artean.
H5N1 birusak orokorrean hegazti basatietan eta eskortako hegaztietan zirkulatzen badu ere, eta ugaztunetan noizean behin antzeman den arren, ECDCk baieztatu du arriskuaren ebaluazioa ez dela aldatu:
- Arrisku baxua biztanleria orokorrarentzat.
- Arrisku baxua-moderatua infektatuta egon daitezkeen animaliekiko edo kutsatutako inguruneekiko esposizioa duten langileentzat.
Gogorarazten da, orain arte, ez dela H5N1 birusaren kasurik erregistratu gizakietan EBn. Birusa behi-aziendatik pertsonetara transmititu izana Estatu Batuetan bakarrik dokumentatu da, eta, kasu guztietan, sintoma arinak izan zituzten.
ECDCk azpimarratu du ustiategietan biosegurtasun-neurriak indartu behar direla eta esposizioa duten langileek norbera babesteko ekipamenduak behar bezala erabiltzen dituztela bermatu behar dela. Halaber, gogorarazi du garrantzitsua dela animalietatik gizakietara transmititzearen balizko kasuak garaiz antzematea.
Europako erakunde horrek, bere zaintza-lanaren esparruan, etengabeko monitorizazioa egiten du, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzarekin (EFSA) eta erreferentziazko beste laborategi batzuekin batera. Erakunde publiko horiek hegazti-gripearen egoerari, birusaren eboluzioari eta birusaren jokabide epidemiologikoaren aldaketei buruzko txostenak argitaratzen dituzte hiru hilez behin.
ECDCk gripe zoonotikoaren aurrean prestatzeko eta erantzuteko gida bat jarri du estatu kideen esku, animalietatik gizakienganako balizko transmisio-mehatxuen aurrean plangintza errazteko.
Informazio gehiago hurrengo estekan: