Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA), Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) eta EBren erreferentziazko laborategiak (EURL) zientzia-irizpen bat argitaratu dute, eta bertan, hegazti-gripeak azken hiruhilekoan Europan izan duen egoera epidemiologikoa ebaluatu dute.

 

Hegaztietan, txosten honek nabarmendu du Europak, 2024ko ekainaren 15etik irailaren 20ra bitartean, A(H5) eta A(H7) HGOP birusaren 75 foku erregistratu direla Europako 11 herrialdetako etxeko hegaztietan (16) eta hegazti basatietan (59), mapa hauetan ikus daitekeen moduan.

Europako detekzio-kopuruak txikia izaten jarraitu zuen arren aurreko urteekin alderatuta, Atlantikoko, Ipar Itsasoko eta Baltikoko kostaldeetako kolonietan ugaltzen diren itsas hegaztien kasuak nabarmen hazi dira, eta, gainera, kaioen artean modu eraginkorragoan transmititu daitekeen genotipo berri bat detektatu dute.

Ugaztunen kasuan, ez zen kasu berririk jakinarazi Europan, baina AEBetan kaltetutako esne-aziendaren ustiategien kopurua 230etik gorakoa izan zen 14 estatutan. Garrantzitsua da nabarmentzea A(H5N1) birusa Kaliforniako esne-aziendan detektatu zela lehenengoz; hain zuzen, esne-aziendaren erroldarik handiena duen AEBetako estatua da Kalifornia. Europan, orain arte hausnarkarien eta ontziratu gabeko esnearen laginei egindako probek emaitza negatiboak eman dituzte bakarrik.

Orain arte, Europako ugaztunen espezieetatik jaso diren A(H5) birusetan ez dira identifikatu gizakiengan hegazti-motako birusa batzea errazten duten mutazio gakoak. Nolanahi ere, abian den urte epidemiologikoan Europan karakterizatu diren 10 ugaztun-birusetatik zazpik mutazioa dute (PB2-E627K), eta mutazio horrek ugaztunetan erreplikazio eraginkorragoa ematen du.

Gizakiengan eta Europatik kanpo, A(H5N1), A(H5N6) eta A(H9N2) HGOP zoonotikoen kasu esporadikoak jakinarazten jarraitu ziren. Gizakietako kasu gehienak eskortako hegaztiekiko, eskortako hegazti bizidunen merkatuekiko edo kaltetutako esne-aziendarekiko esposizioarekin lotuta daude.

Giza infekzioek noizean behingoak izaten jarraitzen dute, eta, txostenak aztertzen duen aldian, ez da dokumentatu pertsona batetik besterako transmisioen frogarik.

Garrantzitsua da adieraztea, gaur-gaurkoz, hegazti-gripe zoonotikoaren arriskuak EB/EEErako baxua izaten jarraitzen duela biztanleria orokorrarentzat eta baxu eta neurritsu artekoa lanean edo bestelako esposizioa duten pertsonentzat.

Hegazti-gripeari buruzko informazio gehiago esteka honetan: