Europan, 2017ko azaroaren 16tik 2018ko otsailaren 15era bitartean, oso patogenoa den hegazti-gripearen (IAAP, H5N6) agerraldi bat eta IAAPren (H5N8) bost agerraldi detektatu dira eskortako hegaztietan, IAAPren (H5N6) beste bi agerraldi gatibu dauden hegaztietan, eta IAAPren (H5N6) 22 kasu hegazti basatietan.

 

Azterturiko kasuen arabera, IAAPren  birusak (H5N6) ez die hainbeste erasan eskortako hegaztiei, IAAPren birusarekin (H5N8) alderatuta. Horrez gain, gaur artean ez da frogatu Europan dabiltzan IAAPren birusek (H5N6) zerikusia dutenik gizakiak infektatzen dituzten kladoekin.

 

Bestalde, eta Bulgariako txostenen arabera, badirudi apalduz doazela IAAPrekin (H5N8) infektaturiko ahateen zantzu klinikoak.

 

Alabaina, IAAP (H5N8) oraindik ere presente dago Europan, eta oso hedatuta inguruko eskualdeetan. IAAPk (H5) hiru hilabeteotan hegazti basatietan eragin dituen heriotza-kasu gehienak banako hegaztien arteko kasu puntualekin lotuta daude. Gainera, patogenotasun eskaseko hegazti-gripearen 20 agerraldi jakinarazi dira hiru estatu kidetan.

 

Egoera hori ikusirik, ondorio hau atera da, besteak beste: Europan arrisku txikia dago herritarrei animalien bidez gripea transmititzeko.

 

Bestalde, A hegazti-gripeak (H7N4) kutsatutako gizaki baten lehen kasua jakinarazi da Txinan; horrek agerian jartzen du hegazti-gripearen birus emergenteek gaixotasuna gizakiei transmititzeko arriskua dagoela. Aurrerantzean ere zorrotz kontrolatu behar da Afrikan eta Ekialde Hurbilean zein den IAAPren (H5N1 eta H5N8) egoera. Birusa kontrolik gabe hedatzen bada, eta gerora geografikoki Europarekin lotuta dauden eskualdeetan bilakaera genetikoa baldin badu, kezka areagotuko da eta birusa hedatzeko arrisku handiagoa sortuko da. Oraindik ere uste da hirugarren herrialdeetatik migrazio-hegaztien bidez IAAP Europara sartzeko arriskua askoz txikiagoa dela hegoaldeko mugak zeharkatzen dituzten hegazti basatien artean, ipar-ekialdeko mugak zeharkatzen dituzten hegaztien artean baino. Gripea merkataritzaren bidez transmititzeko arriskua, berriz, oso-oso txikia da oraindik.

 

IAAPren egoerari buruzko hiru hilean behingo txostena