Iragan den azaroaren 24an, Frantziako ANSES – Ploufragan gripearen Erreferentziako Laborategi Nazionalak (LNR) H5NI oso patogenoa den hegazti-gripearen (IAAP) andui bat identifikatu zuen. Ordutik hona, 15 foku baieztatu dira Frantziako hego-mendebaldeko 5 eskualde hauetan:

8 foku Dordoinako eskualdean:

  1. Azaroaren 24an, IAAPren (H5N1) foku bat aire zabaleko 32 oilotan.
  2. Azaroaren 28an, IAAP H5en foku bat 14.000 ahate-haztegi batean.
  3. Azaroaren 30ean, (H5N2) IAAPren andui bat 1.000 antzarako ustiategi batean.
  4. Abenduaren 4an, baieztatu zen 1.000 ahatek eta 4.000 oilaskok osaturiko lote batean foku bat aurkitu zela zaintzarako programa nazionalaren barruan. Ekoizpenerako hegaztientzat oso patogenoa den H5a ahateei zegozkien laginetan agertu zen .
  5. Abenduaren 7an, 1.000 ahatek osatutako lote batean H5 IAAP hauteman zen.
  6. Abenduaren 7an, sintoma klinikoen harira, 630 ahateko lote batean IAAP detektatu zen.
  7. Abenduaren 8an, H5N1en foku bat baieztatu zen 30 ahatetan, antzaratan eta oilotan.
  8. Abenduaren 14an, Bosseten, H5N1 agerraldi bat detektatu zen 1.070 ahatek osatutako lote batean.

Landetan 4 foku hauek baieztatu dira:

  1. Abenduaren 6an, H5 IA detektatu zen gizentzeko 500 ahatek osatutako lote batean.
  2. Abenduaren 5ean, Doaziten, pintadak ezohiko eran hiltzen zirela eta (700 pintada hil ziren 4.000ko lote batean), probak egin ziren eta haztegi bat H5N9 aldagaiaren fokutzat jo zen. Haztegi horretan bertan 8.800 oilo, 4.550 kapoi eta 7.200 pintada daude.
  3. Abenduaren 9an, Horsarieuxen, H5N9 anduia detektatu da 4.000 pintada, 12.600 oilasko, 3.500 kapoi eta 960 ahate dituen haztegi batean.
  4. Abenduaren 14an, Doaziten, H5N2 agerraldi bat detektatu zen 1.700 ahateko lote batean.

Haute-Viennen, abenduaren 9an, agerraldi bakarra egiaztatu zen Les Billangueseko hegazti-haztegi batean (ez da hegazti mota adierazi). Aurkitutako anduia eskortako hegaztietan oso patogenoa den H5N1 izenekoa da.

Gersen, H5N2 agerraldi bat detektatu da 8.300 ahateko haztegi batean, Macieten.

Pirinio Atlantikoetan, Arrosesen, H5N9 agerraldi bat baieztatu da 1.500 ahateko haztegi batean.

Kontuan hartu behar da, Ansesen arabera, identifikatutako anduiek jatorri europarra dutela. Ez dago Asiako anduirik, eta ez da azken urteetan detektatu zen Asiako anduia bezalakoa.

Patogenotasuna gizakiontzat

ANSESen (Elikagaien Segurtasuneko eta Ingurumeneko Frantziako Agentzia) esanetan, detektatu den anduia eskortako hegaztientzat oso patogenoa izateak ez du ezinbestean esan nahi gizakiontzat ere oso patogenoa denik. Bestalde, 2014 bukaeran eta 2015 hasieran, Europako eskortako hegaztientzat oso patogenoa zen andui bat detektatu zen Europar Batasuneko hainbat estatu kidetan. Kasu hartan, ondorioztatu zen anduia ez zela gizakiontzat arriskutsua.

ECDCren ebaluazio azkarraren txostena

Iragan den abenduaren 4an, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) egoerari buruzko txosten bat argitaratu zuen. Bertan, honako hau ondorioztatzen zen agerraldietan atzemandako birusari buruz:

  • Frantzian detektatu den IAAP (H5N1) birusak ez du loturarik munduko beste toki batzuetan dauden A (H5N1) birusekin; dirudienez, Europan aurki daitekeen IABP (patogenotasun eskaseko hegazti-gripea) birus baten ondorengoa da.
  • Gizakien arteko kasurik ez da jakinarazi Frantzian detektatu den IAAP (H5N1) birusari dagokionez.
  • Birusa elikagaien bidez transmititzeko arriskua, esaterako, arraultzen edo haragiaren kontsumoaren bitartez, bereziki baxutzat jotzen da.
  • Gaixo zeuden hegaztiekin edo hegaztien hilotzekin kontaktuan egon diren pertsonak (adibidez abeltzainak, albaitariak eta animalien hilketan parte hartu duten langileak) kontagiatzeko arrisku potentziala dutela uste da. Hori dela eta, birusarekin kontaktuan egoteko arriskua duten pertsona guztiek babes-ekipoak erabili beharko dituzte.
  • Norbait IAAP (H5N1) edo A (H5N2) birusarekin kontaktuan egon bada gutxienez 10 egunez kontrolatu beharko da.
  • Animalien osasunaren eta osasun publikoaren arduradunak prest egon behar dira Europako beste herrialde batzuetan IAAP (H5N1) edo A (H5N2) birusa agertzeko arriskuaren aurrean; hala ere, arrisku hori baxutzat jotzen da.

Informazio gehiago:

Frantziako Errepublikako Nekazaritza, Elikadura eta Basogintza Ministerioaren webgunea
Frantziako fokuen mapa 2015eko azarotik 2015eko abenduaren 10era – MAGRAMA
Lehenengo fokuari buruzko albistea 2015eko azaroaren 24a – ELIKA