Patogenotasun handiko hegazti gripearen kasu berriak hauteman dira zangetan
Neikerreko Animalien Osasun eta Baliabide Naturalen Laborategiak H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripeko (PHHG) kasu berriak hauteman ditu euskal kostaldeko zenbait udalerritan bildutako zangetan. Algeteko Erreferentziako Laborategi Nazionalean lagin horiek baieztatzeko zain daude.
Abuztuaz geroztik, Kantauri itsasoaren ertzean patogenotasun handiko hegazti‑gripearen zenbait kasuren berri eman da zangetan: hamar Galizian, hiru Kantabrian eta beste bi Euskadin, hain zuzen ere. Frantziako kostaldean ere hegazti‑gripea duten zenbait zanga antzeman dituzte. Kasu berri horiekin, bederatzi dira animalien gaixotasun‑fokuak Euskadin 2022an. Izan ere, kontuan hartu behar dira maiatzean agertu ziren sai arreen bi fokuak eta abuztuan Gipuzkoan eta Bizkaian antzeman ziren zangen bi kasuak.
Zanga Ipar Atlantikoan habia egiten duen hegazti itsastarra da, eta garai honetan hegoaldera migratu ohi du (Afrika mendebaldera) ur epelagoen bila. Azken hilabeteetan patogenotasun handiko hegazti-gripearen hainbat kasuren berri eman da espezie horren jatorrian, eta, segur aski, hori da Penintsula Iberikoan gaixotutako zangak agertzearen arrazoia.