Txinako Nekazaritza Unibertsitateko zientzialariek ikerketa bat argitaratu dute gai horri buruz Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America (PNAS) zientzia-aldizkarian. Horren bidez ohartarazi dute txerri-gripearen andui berri bat dabilela Txinan, eta eragin zoonotikoak eta baita pandemikoak ere izan ditzakeela. Andui berri hori 2009ko txerri-gripearen agerraldiaren antzekoa da, baina zenbait aldaketarekin.

Ikerketa gauzatzeko, 30.000 isipu-lagin baino gehiago hartu zituzten txerrien arnasbideetatik. Txerri horiek Txinako 10 probintziatakoak ziren, eta laginak 2011 eta 2018 bitartean jaso zituzten. Guztira, txerri‑gripearen 179 birus hauteman ziren, eta horietatik gehienak G4 edo Eurasiako hegazti‑gripearen familiako beste bost G anduietakoren bat ziren. G4 mota areagotu egin da 2016tik, eta aztertutako 10 probintzia horietan txerrien artean zirkulazioan dagoen genotipo nagusia da.

Gizakiei dagokienez, ikertzaileek egiaztatu egin dute birusa ugaldu eta arnasbideetako mukosan hazi daitekeela; izan ere, infekzioa hauteman dute Txinako txerri-industriako eta hiltegietako hainbat langileengan. OME jakitun da txerri-gripearen birusa –Eurasiako hegazti-gripearenaren antzekoa– Asiako txerrien artean zirkulatzen ari dela, eta onartu du gizakiei ere eragin diezaiekeela noizean behin.

Ikertzaile txinatarren kezka nagusia birusaren gaitasun mutageno eta zoonotikoa da. Izan ere, 2009ko txerri-gripearen azken agerraldian agerian geratu zen gripearen birusak aldakortasun handia dutela. Ez da berehalako arazoa, baina zientzialari txinatarrek azaldu dute birusak ezaugarri bereizgarriak dituela gizakiak kutsatzeari dagokionez, eta gizakiok harekiko immunitate txikia edo inongoa daukagula. Horrenbestez, OIEren arabera, zaintza-, jakinarazpen- eta kontrol-neurri zorrotzak aplikatu behar dira txerriengan, eta gertutik monitorizatu behar dira txerri-haragiaren industriako langileak; hori guztia, albaitaritza-zerbitzu ofizialen bidez, baita Covid-19aren pandemiaren gaur egungo testuinguruan ere.