FAOk eta OIEk atzo, urriaren 26an, elkarrekin abiarazi zuten ATIa mundu-mailan kontrolatzeko ekimena, GF-TADs plataformaren bidez. Ekimenaren helburua da kontrol-neurriak koordinatu eta indartzea, gaixotasun konplexu hori mundu-mailan izaten ari den eragina murrizteko.

ATIa azkar ari da hedatzen, eta elikagaien segurtasunari eta munduko populazio zaurgarrienetako batzuen bizi-bitartekoei eragiten die. Hori dela eta, OIEk nahiz FAOk deia egin diete nazio eta bazkide guztiei, ekimen honen bidez txerrien gaixotasun hilkor hori kontrolatzeko borrokan indarrak batzeko.

GF-TADs plataformaren bidez, aliantza nazionalak, eskualdekoak eta mundu-mailakoak susta daitezke, eta aukera ematen du sinergiak sortzeko mugaz gaindiko beste animalia-gaixotasun batzuetarako jada ezarrita dauden kontrol-estrategiekin. Hauek dira helburuak:

  1. Herrialdeek ATIa kontrolatzeko –prebenitu, aurka egin, ezabatu– daukaten gaitasuna hobetzea, OIEren arau eta jardunbide egokiak erabiltzearen bidez, zeinak zientziarik berrienean oinarritzen diren.
  2. Koordinazio- eta lankidetza-esparru eraginkor bat ezartzea ATIa mundu‑mailan kontrolatzeko:
    • Elkarteak sustatzea: sektore publiko eta pribatuko interesdun gakoen koordinazioa eta lankidetza.
    • Prebentzio-neurriak indartzea.
    • Afrikako txerri-izurriaren alboko ondorioak murriztea.
    • Negozioaren, txerrien ongizatearen eta nazioarteko komertzioaren jarraitutasuna bermatzea.