Hegazti-gripearen arrisku altuagatiko murrizketak kentzea
MAPAk duela gutxi eguneratu du egoera epidemiologikoa, eta jakinarazi du kendu egin direla arrisku altuaren adierazpenaren ondorioz hartutako prebentzio-neurriak.
Hartutako neurriek eragina izan zuten EAEn, zehazki, arrisku bereziko eremuetakoak diren eta Aginduaren II. eranskinean jasota dauden Arabako udalerrietan, hala nola Arratzua-Ubarrundian, Barrundian, Elburgo/Burgelun, Legution, Vitoria-Gasteizen eta Zigoitian.
Aintzat hartu da azken hilabeteetan PHHGaren egoera epidemiologikoak EBn izan duen bilakaera: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera 198 foku jakinarazi dira eskortako hegaztien artean eta 488 foku eskortakoak ez diren hegaztien artean. Honako mapa honetan ikus daiteke:

Mapa: hegazti-gripearen fokuak Europan (2025eko urtarrilaren 1etik apirilaren 9ra arte) (iturria: ADIS)
Eta hegazti migratzaileen bidez PHHGaren birusa sartzeko arriskuaren analisia astero eguneratu ondoren, 2025eko apirilaren 9tik aurrera MAPAk kendu egin ditu estatu-mailako Arrisku Bereziko Eremuan (ABE) eta Zaintza Bereziko Eremuan (ZBE) hartutako neurriak.
Nolanahi ere, MAPAk azpimarratu du oso garrantzitsua dela biosegurtasun-neurri egokiak aplikatzen jarraitzea hegazti-ekoizpenean, bai eta zaintza pasiboa mantentzea ere, hau da, gaixotasunaren edozein susmoren berri ematea Albaitaritza Zerbitzu Ofizialei (AZO).
Garrantzitsua da adieraztea, gaur egun, EB/EEEn hegazti-gripe zoonotikoaren arriskuak oso txikia izaten jarraitzen duela oro har biztanleentzat, eta txikia edo ertaina lanean eraginpean dauden pertsonentzat edo beste mota bateko eragina jasaten dutenentzat.
Hegazti-gripeari buruzko informazio gehiago esteka honetan aurki daiteke: