Mihi urdinaren gaitzaren foku bat baieztatu da Gipuzkoan
Euskadik mihi urdinaren gaitzik gabeko eremu izateari utzi dio eta gaixotasunak mugatutako eremuan sartu da; horrenbestez, osasun-neurriak hartu behar dira abereetan, gaixotasunari aurre egiteko.
Aurreko ostiralean, 2024/10/25ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fraisoro laborategiak mihi urdinaren gaitzaren kasu bat baieztatu zuen Oiartzungo (Gipuzkoa) ustiategi bateko ardi batean. Abereak mihi urdinaren gaitzarekin bat zetorren sintomatologia zuen: mihi zianotikoa (handituta eta urdina), sudur-isuria eta listu-jariatzea.
Hori ikusita, laginak bidali ziren Algeteko erreferentziazko laborategi nazionalera, eta bertan egiaztatu ahal izan dute astearte honetan 8 serotipoko mihi urdinaren gaitzaren fokua. Ondoren, fokuaren adierazpen ofiziala ere egin da.
Agerraldi berria egiaztatzearen ondorioz, Nekazaritza Ministerioak fokuaren inguruko eremua mugarriztatu du: EAE, Trebiñu barne, Nafarroako Foru Komunitatea eta Ejea de los Caballeros eta Sos del Rey Católico albaitaritza-eskualdeak Zaragozan.
Aurreko astean, deialdia egin zitzaion EAEko abeltzaintza-sektoreari gaixotasun horren agerpena prebenitzeko ahaleginak areagotzeko. Gaixotasun hori Euskadin detektatu zen duela lau urte, baina 2022an erabat desagerraraztea lortu zen berariazko txertaketaren bidez; horiek horrela, 2022ko abenduan Euskadi mihi urdinaren gaitzik gabeko eremu deklaratu zen.
Baina agerraldi berria dela eta, Euskadik gaixotasun hori gabeko eremu izateari utzi dio, eta, ondorioz, behien eta ardien mugimenduetarako osasun-neurriak ezarri dira, baita 3 hilabetetik gorako animalientzako derrigorrezko txertaketa ere.
Mihi urdinaren gaitzari buruzko informazio gehiago aurki dezakezue gaixotasunaren fitxan, esteka honetan: