Mingain urdinaren 8 serotipoaren 6 foku deklaratu dira Frantziako hegoaldean
2020ko uztailaren 20tik, mingain urdinaren 8 serotipoaren 6 foku jakinarazi dira. Guztira 8 animaliak eman dute positiboa (3 behi-ustiategietan eta 3 ardi-ustiategietan), Frantziarekiko mugan, Landak, Pirinio Garaiak eta Pirinio Atlantikoak departamentuetan.
Gaixotutako animalia guztiek sintomatologia klinikoa izan dute, sintoma hauekin:
- abortuak
- anorexia
- pisu galera
- zurruntasuna gorputz-adarretan
- hipertermia
- disnea
- mukosen kongestioa
- ptialismoa
- konjuntibitisa
Gaur egun eta estatu-mailan, 8 serotipotik libre estatusa mantentzen da, ez baita hauteman horren zirkulaziorik. Hala ere, adierazi behar da aurreko otsailean 4 serotipoaren birzirkulazioa erregistratu zela Malagako zoologikoko ñu batengan. Esparru horretan, nahitaezkoa da 1 eta 4 serotipoen aurkako txertoa ematea.
Maila autonomikoan eta foku horien hurbiltasuna aintzat hartuta, nabarmendu behar da EAE eremu librea dela eta 4S eta 8S-en aurkako borondatezko txertaketa ezarrita dagoela; egoera berean daude muga-esparruko beste erkidegoetan (Katalunia, Aragoi eta Nafarroa). Horrez gain, Frantzian aldi baterako egonaldia egiten duten animaliak serotipo horien aurka borondatez txertatu daitezke.
Europa mailan, 492 foku deklaratu dira aurreko otsailetik ADNS sisteman.
Mingain Urdina: Zaintzeko, Kontrolatzeko eta Desagerrarazteko Programa azionala (2020)
Mingain urdina zaintzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko programa nazionalak (2020) hauek barne hartzen ditu:
- Zainketa serologiko eta birologiko aktiborako programa.
- Zainketa pasibo klinikorako programa.
- Zainketa entomologikorako programa.
- Txertaketa programa: neurririk eraginkor eta praktikoena da gaixotasuna kontrolatzeko eta, ondorioz, gutxienekora murrizteko horri lotutako galerak eta, azkenik, geldiarazteko kutsatutako animaliatik bektorerako zikloa.
Hauek dira azken urteetan estatu-mailan detektatutako mingain urdinaren birusaren serotipoak:
- 1 serotipoa (1S): 2007ko uztailean.
- 4 serotipoa (4S): 2004ko urrian eta, hori desagerrarazi ondoren, berriro detektatu zen 2010eko urrian.
- 8 serotipoa (8S): 2008ko urtarrilean, eta 2013ko urtarrilean desagerrarazi zen.
2020an zehar, txertaketaren helburua da:
- 1 eta 4 serotipoen zirkulazioa kontrolatzea
- gaixotasunarekiko sentikorragoak diren animaliak eremu libreetara eramateko erraztasunak ematea
- 4 eta 8 serotipoak Frantziarekiko mugatik sartzea prebenitzea.
Egungo egoera epidemiologikoa aintzat hartuta, beharrezkoa da estatu-mailan lurraldea hiru eremutan bereiztea, banaketa geografikoaren arabera:
- Murrizketa-eremuak eta 4S, 1S eta 1-4S-en aurkako nahitaezko txertaketa 3 hilabetetik gorako ardi eta behientzat: penintsulako hego-mendebaldea.
- Eremu librea uharteetan.
- Eremu libreak eta borondatezko txertaketa 4S eta 8S-en aurka: penintsulako iparraldea eta ekialdea, EAE, Katalunia, Aragoi eta Nafarroako zenbait eskualde. Horrez gain, Frantzian aldi baterako egonaldia egiten duten animaliak serotipo horien aurka borondatez txertatu ahalko dira.
Maila autonomikoan, Frantziako 8 eta 4 serotipoen egoera dela eta, EAE eremu librea da eta serotipo horien aurkako borondatezko txertaketa ezarrita dago.