FAO, OME, OIE eta PNUMA erakundeek goi mailako adituen talde bat aurkeztu dute, pandemiak eragiteko gaitasuna izan lezaketen zoonosiak ikertzeko, One-Health ikuspegiarekin.

Taldeak aipatutako erakunde horiei aholkua emango die, epe luzerako mundu mailako plan bat prestatze aldera, zoonosiak prebenitzea xede, hala nola IAAP H5N1, MERS, Ebola, Zika eta une honetan bizi dugun COVID-19aren pandemia.

Modu orokor batean, honako hauek izango dira emango dituzten lehen pausoak:

  • animalietatik pertsonetara eta alderantziz transmisioa egotea zehazten duten faktoreak sistematikoki analizatzea.
  • transmisio-arriskua ebaluatzea.
  • zaintza-ereduak prestatzea.
  • agerraldiak prebenitu eta kontrolatzeko jardunbide egokiak zehaztea.

One-Health ikuspegia aplikatzea; horrek lotu egiten ditu pertsonen, animalien eta ingurumenaren osasuna, eta garrantzi berezia ematen die diziplina anitzeko taldeei arriskuen ebaluazioa gauzatzeko.

Oro har, baliabide naturalen oinarrian presioa egiten duten giza jardueren eragina aztertuko dute (esaterako, elikagaien ekoizpena eta banaketa, azpiegiturak, nazioarteko bidaiak eta merkataritza), horiek gaixotasun zoonotikoak agertzea eragin lezaketelako.

Batzordeak nazioarteko ikerketa-estrategia bat garatuko du, inpaktu handiko zoonosiak prebenitu eta kontrolatzeko. Horretarako, hainbat gomendio emango ditu, honako maila hauetan aplika daitezen: mundu maila, eskualdea, estatua eta udalerria

Ildo horretatik, EFSAk duela gutxi argitaratutako albiste batean, One-Health printzipioak bere osotasunean aplikatzeko eta legeak ikuspegi horretatik abiatuta egiteko beharra azpimarratzen du. Europako Itun Berdeak eta Garapen Iraunkorrerako Helburuek erabaki hori babesten dute.

EFSAren aburuz, ikuspegi hori ez zaie soilik potentzial zoonosikoa duten arrisku biologikoei aplikatu behar, baizik eta baita gizakien eta animalien osasunari eragin diezaiokeen ingurumen-mikrobiomari ere.

Azpimarratzen du beharrezkoa dela elikakateak eta sistemak segurtatu eta indartzea, erresilienteak eta iraunkorrak izan daitezen.

Helburu hori erdiesteko, EFSAk diziplina anitzeko lantaldeen alde egiten du bere antolakuntzan, baita Europako beste agentziekin (ECDC, ECHA, EEA, EMA eta JRC) eta beste organismo batzuekin lankidetzan aritzearen alde ere.

Hori dela eta, datorren urteko ekainean egingo den EFSAren hurrengo konferentziaren izenburua One-Health, Environment, Society 2022 izango da, eta bertan aurkeztuko da EFSAren 2027ra begirako estrategia berria; estrategia horren lehentasunetako bat arrisku-ebaluazioak garatzea da, One-Health ikuspegiarekin, elikakate osoan aplikatzeko, horrek aukera emango baitigu etorkizunean One-Health politiken beharrizanei erantzuteko.