Antibiotikoekiko Erresistentziaren aurkako Plan berria
Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioak 2019-2021 aldirako Antibiotikoekiko Erresistentziaren aurkako Plan Nazional (PRAN) berria argitaratu du. Plan horrek jarraipena emango dio 2014-2018 aldiko PRAN planari.
Antibiotikoekiko erresistentzia mundu-mailako arazoa da, eta gizakien nahiz animalien osasunari eragiten dio, baita ingurumenari, merkataritzari eta, ondorioz, ekonomia orokorrari ere.
Antibiotikoekiko erresistentziaren aurkako Espainiako lehen estrategia aplikatzeari esker, hau lortu da giza osasunaren arloan:
- Antibiotikoen kontsumoa zaintzeko sistema hobetzea.
- Osasun Laguntzarekin Erlazionatutako Infekzioak Zaintzeko Sistema Nazionala (IRAS) onartzea.
- Datu nazionalen monitorizazioa hobetzea.
Eta hau animalien osasunaren arloan:
- Albaitaritza-erabilerako antibiotikoen salmentei buruzko datuak biltzeko sistema nazionala hobetzea.
- Albaitaritzako antibiotikoen erabilerari buruzko datuak biltzeko sistema nazional bat ezartzea.
- REDUCE programa abian jartzea abeltzaintzako zenbait sektoretan (txerrien sektorean, kolistinaren kontsumoa % 97,18 murriztea lortu da).
Horretarako, PRAN berriak neurri estrategiko hauek biltzen ditu:
- Antibiotikoenkontsumoa eta horiekiko erresistentzia zaintzea.
- Antibiotikoekiko erresistentzia kontrolatzea.
- Antibiotikoen premiari aurrea hartzea.
- Erresistentzien fenomenoa ikertzea.
- Gaian trebatzea.
- Biztanleria jakinaren gainean egotea eta sentsibilizatzea.
Espainian 3.000 pertsona inguru hiltzen dira antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioek sortutako ospitaleko infekzioen ondorioz
% 7,2 murriztu da antibiotikoen kontsumo osoa gizakien osasunean (2015-2018).
Bestetik, Espainiako lehen JIACRA txostena egin da. Bertan, lehen aldiz bildu dira antibiotikoen kontsumoari eta antibiotikoekiko erresistentziari buruzko datuak, giza osasunari zein animalien osasunari dagozkienak.
Hauek dira lehen txosten horretan bildutako ondorio aipagarrienak:
- Espainian giza osasunarekin lotuta kontsumitzen diren antibiotikoen guztizko kopurua nahiko konstantea izan da azken hiru urteetan; dena den, ospitaleen esparruan, antibiotikoen kontsumoak % 10 egin du gora 2012. urtetik.
- Espainiako albaitaritzako antibiotikoen kontsumoak % 14 egin du behera, gutxi gorabehera (2014-2016 aldian).
- Pertsona eta animalietako Salmonella enteritidisaren andui isolatuetan, kinolonekiko erresistentzien portzentajea nahiko handia izan da (% 50etik gorakoa).
- Populazio-multzo batek (pertsonak edo animaliak) antibiotikoekiko dituen erresistentziak gutxitzeko modurik onena da antibiotikoen kontsumoa murriztea populazio-multzo horretan bertan. Dena den, neurri txikiagoan bada ere, albaitaritzan antibiotiko gutxiago erabiltzea onuragarria da pertsonetako bakterio isolatuen erresistentzia-portzentajeak murrizteko.