Duela gutxi EFSAk baserrietako gizentzeko oilaskoen eta oilo erruleen ongizateari buruzko bi txosten zientifiko argitaratu ditu. Bertan, hainbat gairi buruzko aholkularitza eskaini dute: espazioa eta egiturak, animalien dentsitatea, argiztapena, hautsa, zarata eta hondakinak.

Aipatutako bi irizpen zientifiko horietan ekoizpen ziklo osoa eta arriskuak kontuan hartuz EBn hegaztiak hazteko sistemak ebaluatzen dira, bai eta hegaztien ongizatean arrisku horiek dituzten ondorioak ere.

Hegaztien ongizaterako ondorioak identifikatu ziren, eta, nabarmenen artean, honako hauek azpimarratu behar ditugu: hezurretako eta ehun biguinetako lesioak; zauriak luma, erpe eta mokoan; taldeko estresa; mugimendu faltaren ondorioz portaera eta jarrera naturalak izateko ezintasuna (esplorazioa, konforta eta isolamendua), eta, hortaz, atsedenerako arazoak.

Baserrietako gizentzeko oilaskoen eta oilo erruleen ongizatea hobetzearren, EFSAko zientzialariek honako gomendio hauek eman dituzte:

  • Kaiolen erabilera saihestea.
  • Luma, erpe eta mokoa ez moztea, alferrikako mina sortzen baitu.
  • Animalien dentsitatea murriztea ohiko portaera ahalbidetzeko.
  • Honako egitura hauek izatea:
    • Altxatutako plataformak; aldibereko atsedena ahalbidetzeko eta harrapakaritza saihesteko, ihes egiteko aukera baitute.
    • Estalitako terrazak; esplorazioa, elikagaiak bilatzea eta hauts-bainuak ahalbidetzeko.
  • Xehatu daitekeen ohea, konforta, elikagaiak bilatzea eta esplorazio-portaera hobetuko duten elementuekin.

Dokumentu horiek “Baserritik mahaira” Estrategiaren esparruan sortu eta Batzordeak animalien ongizatearen esparruan egindako legeen berrikuspenaren parte dira; halaber, herritarrek abiarazitako End the age cage kanpainaren babesa jaso dute. Batzordearen berrikuspen horretatik abiatuta 2023ko bigarren seihilekoan lege‑proposamena abiaraztea espero da.