Oso Patogenoa den Hegazti-gripearen agerraldiak EBn 14/11/19
2014ko azaroaren 6an, agintari alemanek aditzera eman zuten A birusaren (H5N8) Oso Patogenoa den Hegazti-gripearen (IAAP) agerraldia gertatu zela indioilarren hegazti-ustiategi batean.
Geroago, 2014ko azaroaren 16an, H5N8 azpi-motako IAAP atzeman zen Holandan, oilo erruleen haztegi batean. Ondoren, egun horretan bertan, H5 azpi-motako IAAPren agerraldia berretsi zuten ahateak hazteko Ingalaterrako (Erresuma Batua) ustiategi batean.
Kaltetutako hiru estatu kideek berehala hartu dituzte neurriak, hegazti-gripea kontrolatzeari buruzko EBren legeriarekin bat etorriz. Hauek dira neurri nagusiak:
- Kutsatutako ustiategian zeuden hegaztiak hil eta modu seguruan desagerraraztea, eta ondoren ustiategia garbitu eta desinfektatzea.
- Eremuak (babestu eta zaintzeko eremuak) ezartzea fokuaren inguruan. Eremu horietan, eskortako hegazti eta hegazti-produktu guztien mugimendua mugatua da.
- Ikerketa epidemiologikoak egitea birusaren iturri posiblea identifikatzeko.
Lehen aldia da H5N8 birusa Europan atzeman dena.
Dena den, birus hori lehenago atzeman da Asiako hego-ekialdeko basa-hegaztietan, eta zenbait agerraldi eragin ditu Hego Koreako eta Txinako hegazti-haztegietan. Birus horrek basa-hegaztiak subklinikoki (sintomarik erakutsi gabe) kutsatzeko gaitasuna du, eta horrek areagotu egiten du agerraldiak sortzeko arriskua, Hego Korean ikusi den bezala.
Oraindik ez dago argi birusa nola sartu den Europako hegazti-ustiategietan.
Beste alde batetik, Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) uste du osasun publikorako arriskua oso txikia dela, orain arte munduan ez delako giza infekziorik agertu birusaren andui horrekin. Arriskuan egongo lirateke, nagusiki, hegazti gaixo edo hilekin harreman zuzena duten pertsonak, esaterako, nekazariak, albaitariak eta hilketan aritu diren langileak.
Era berean, Elikagaien Segurtasuneko Britainiako Agentziak (FSA) ohartarazi du hegazti-gripea elikagaien bidez hartzeko arriskua txikia dela. Hegazti-gripearen andui batzuk gizakiei transmititu ahal zaizkie, baina oro har, oso kontaktu estua behar da bizirik dauden hegazti kutsatuen eta gizakien artean. Segurua da eskortako hegaztiak eta behar bezala prestatutako hegazti-produktuak jatea, arrautzak barne.
Informazio gehiago:
Hegazti-gripeari buruzko informazioa – EE