MAPAre menpeko Animalien Osasun eta Higienerako eta Trazabilitaterako Zuzendariordetza Nagusiak berriki argitaratu du albaitaritzako sendagaien banaketa, preskripzio eta ematearen kontrol ofiziala egiteko programa nazionalaren baitan egindako kontrol ofizialen emaitzak biltzen dituen urteko txostena.

COVID-19aren ondoriozko osasun-egoera dela bide, murriztu egin da kontrolatutako establezimenduen kopurua esparru guztietan. Alabaina, mantendu egin da inspekzio-maiztasuna ia sektore guztietan.

Horri horrela izanik ere, oro har, handitu egin da kontrol-unibertso hau:

  • Xehekako saltegiak: % 14
  • Abeltzaintzako entitate edo taldeak: % 12
  • Albaitari profesionalak: % 73

Jarraian, kontrol-esparruetan jasotako emaitzen joerak daude azalduta:

  1. Handizkako biltegiak: murriztu egin da ez-betetzeak hauteman dituzten kontrolen kopurua. Dena den, azpimarratu egin behar da 3 zehapen-espediente ireki direla; izan ere, lehen aldia da 2012tik.
  2. Xehekako saltokiak: handizkako merkatarien kasuan bezala, murriztu egin da ez-betetzeak hauteman dituzten kontrolen kopurua, baina zehapen-espediente gehiago dago.
  3. Abeltzaintzako entitate edo taldeak: handitu egin dira ez-betetzeak hauteman dituzten kontrolen eta zehapen-espedienteen ehunekoak (% 26,51 eta % 10, hurrenez hurren).
  4. Albaitari kliniko profesionalak: beste kontrol-programa batzuetan “susmagarritzat” jotako albaitariei egin zaizkie kontrol guztiak; hau da, ez zaie ikuskapenik egin beren albaitaritzako botikina deklaratu duten profesionalei. Ez-betetzeak hauteman dituzten kontrolen ehunekoa nabarmen hazi da 2018tik hona eta une honetan % 63,41ean Hala eta guztiz ere, zehapen-espedienteen ehunekoa % 22tik % 8,79ra murriztu da 2020an, eta 2011tik egon den ehunekorik txikiena da.
  5. Albaitaritzako sendagaien Internet bidezko salmenta, derrigorrezko preskripziorik gabe: ez-betetzeek % 2 hartzen dute.
  6. Autotxertoak ekoizten dituzten laborategiak: ez-betetze guztiek etiketekin izan dute zerikusia, eta ez da zehapen-espedienterik ireki.

Programaren helburuak betetzeko, honako hauek hobetzea gomendatzen da:

  • albaitaritzako sendagaiak banatzeko eta emateko baimena duten establezimenduei eskatzen zaizkien betekizunak (trazabilitateari arreta berezia jarrita)
  • albaitari profesionalek albaitaritzako preskripzioak egiteko erabiltzen duten prozesua eta albaitaritzako sendagaiak edukitzeko bete behar dituzten betekizunak.

Horretarako, Zuzendariordetzak azpimarratu du kontrolari (albaitaritzako sendagaien banaketa, preskripzioa eta ematea) modu ez hain zatituan heldu behar zaiola, esparru ezberdinak barne hartuko dituzten zeharkako kontrolen bidez eta abeltzaintza-ustiategiak ere aintzat hartuta.