Abeltzaintza-ustiategietan agindutako antibiotikoak ezagutzeko beharrezkoa den informazioa eskuratze aldera, 2019ko urtarrilaren 2tik aurrera albaitariek agindu dituzten sendagai antibiotikoen errezetei buruzko informazioa bidali beharko dute Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren edo errezetaren hartzailea den ustiategia dagoen autonomia-erkidegoko agintari eskudunen sistema informatikoetara, % 100 elektronikoa den formatuan, joan den apirilean argitaratu zen 191/2018 Errege Dekretua betetze aldera.

 

  • Komunikazioa hilerokoa izango da.
  • Arau honetan xedatutakoa giza kontsumorako diren elikagaietarako animaliei agindutako botikei aplikatuko zaie.
  • Araua ez zaie aplikatuko laguntza-animaliei agindutako errezetei.

Albaitarien betebeharrak

  1. Albaitari guztiek sendagaia edo pentsu sendagarria jasoko duen ustiategia dagoen autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunaren datu baseari jakinarazi beharko dizkiote 191/2018 Errege Dekretuko I. eranskinean adierazten diren gutxieneko datuak.
  2. Datu baseari egindako komunikazio bakoitzean, antibiotikoak agindu dituen albaitariak haren elkargo-zenbakia adieraziko du errezeta bakoitzean.
  3. Halaber, errezeta-zenbakia ere adierazi beharko da.
  4. Errezeta jasoko duen abeltzaintza-ustiategia dagoen autonomia-erkidegoaren arabera, albaitariak Errege Dekretu berriak eskatzen duen informazioa bidali beharko du autonomia-erkidego horretako agintaritza eskudunek ezarritako sistemetara, bai eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Ministerioaren sistemetara ere.

Arauaren inguruan

Errege Dekretu horretan ezartzen diren betebeharrak behin eta berriro urratzea arau-hauste larritzat hartuko da, Animalien Osasunbideari buruzko 8/2003 Legearen arabera. Ondorioz, arau-hauste horiei dagokien zehapena ezarriko zaie, 3.001 eta 60.000 euro arteko isuna barne.

Arau hau Europar Batasunean antibiotikoekiko erresistentzia sortzeko eta hedatzeko arriskua murrizteko ekintza- eta estrategia-planaren barnean sartzen da, honako hauen arabera: «Europako Parlamentuaren 2011ko maiatzaren 12ko Ebazpena, antibiotikoekiko erresistentziari buruzkoa», «Europako Batzordearen 2011ko azaroaren 17ko komunikazioa, antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko ekintza-plana ezartzen duena», eta «Europar Batasuneko Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 29ko ondorioak, antibiotikoekiko erresistentziaren eraginari eta gizakien nahiz animalien osasunaren esparrutik horri aurre egiteko moduei buruzkoak».

Autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunek beharrezko kontrolak egingo dituzte, hala administraziokoak nola ustiategikoak, Errege Dekretuan xedatutakoa betetzen dela bermatzeko.