AESANek interpretazio-ohar bat argitaratu zuen duela gutxi esne gordina eta esne gordinaz eginiko esnekiak ekoitzi eta merkaturatzeari buruz, eta ohar horren bidez ezartzen dira behien tuberkulosiarekiko espezie sentikorrei dagokienez aintzat hartu beharreko gutxieneko eskakizunak.

Agentziak, OIEren Lurreko Animalientzako Osasun Kodean (2017) eta EFSAren Iritzian (2017) oinarrituta, argitu egin du honako hauek direla 853/2004 Erregelamendua aplikatzeari dagokionez libre gisa adierazita ez dauden eskualdeetan edo probintzietan tuberkulosiarekiko sentikorrak diren espezieak: ahuntzak, kamelidoak eta zerbidoak. Halaber, ardiak ere espezie sentikorrak izango dira behietan eta/edo ahuntzetan gaixotasuna konfirmatu den talde baten parte badira, eta, betiere, haiekiko elkarbizitza estua badute.

Gaur egun, ahuntz-taldeei diagnostiko-proba ofizialak egiten zaizkie kaltetutako behiekiko elkarbizitza estua badute. Euren esnea gordin erabiltzen den gainerako taldeei dagokienez, oharraren bidez argitzen da behin-behineko ikuskapenak egin behar zaizkiela agintaritza eskudunak onetsitako ikuskapen-plan baten bitartez. Halaber, hori bera aplikatuko da beste espezie sentikorretan.

Hauek dira ikuskapen-plan horien gutxieneko eskakizunak:

  • Ustiategiek albaitaritza-aholkularitza izan behar dute, zeinu klinikoak baieztatzeko eta gaixotasunik ez dutela bermatzeko diagnostiko-probak egiteko.
  • Hiltegietako aurkikuntzak artxibatuta edukitzea.
  • Urtero, diagnostiko-probak egitea ugalketarako ahuntz
  • Gaixotasuna baieztatzen bada, esne gordina berriz ere saldu ahal izateko, 6 hilabetetik gorako abere guztiei egin beharko zaizkie probak, eta emaitza guztiak negatiboak izango dira; proba horiek emaitza positiboa izan zuen azken animalia kendu eta 42 egun igaro ondokoak izan beharko dira.
  • Ikuskapenen maiztasuna eginiko beste proba batzuekiko bateragarria izan ahalko da.
  • Industriarekiko komunikazio-sistema bat ezartzea, elikagaien segurtasuna arriskuan jartzen duen edozein aldaketaren berri emateko esnekien zentroari.

Halaber, ahuntzen kasuan, autonomia-erkidegoek eskakizun gehigarriak ezar ditzakete euren lurraldeetan, eta urteko probak ez dira beharrezkoak izango agintaritza eskudunak hori egokitzat jotzen badu arriskuen ebaluazio bat egin ondoren.