Gaur egun, txerriak post morten ikuskatzeari dagokionez, 854/2004 Araudiak, animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialei buruzkoak, ezartzen dituen neurriak daude indarrean. Nolanahi ere, 2014ko ekainaren 1etik aurrera indarrean sartuko da 219/2014 Araudia, martxoaren 7an argitaratu zena. Araudi horrek aldarazi egiten du 854/2004 Araudiko I. eranskina, etxeko suidoak post morten ikuskatzeko berariazko betekizunei dagokienez.

Araudi horrek dakarren berrikuntza da esku-teknikak susmagarriak diren txerriak post morten ikuskatzean baino ez direla erabiliko, eta begi-ikuskapenaren prozedura hauek ezartzen ditu:

  • Buruarena eta eztarriarena, ahoarena, ahutzena eta mingainarena.
  • Birikena, trakearena eta hestegorriarena.
  • Perikardioarena eta bihotzarena.
  • Diafragmarena.
  • Gibelarena eta linfa-gongoil hepatiko zein pankreatikoena.
  • Traktu gastrointestinalarena, mesenterioarena eta linfa-gongoil gastriko zein mesenterikoena
  • Barearena.
  • Giltzurrunena.
  • Pleurarena eta peritoneoarena.
  • Sexu-organoena (zakilarena izan ezik, baldi eta dagoeneko baztertu bada).
  • Errapena eta linfa-gongoilena.
  • Animalia gazteen zilbor-gunearena eta artikulazioena.

Neurrien aldaketa hori 2011n EFSAk haragia ikuskatzean aintzat hartu beharreko osasun publikoarentzako arriskuen inguruan eman zuen irizpenaren ondorio da. Irizpen horren ondorioa da gaur egun post morten ikuskapenean eskatzen diren haztapenek eta ebakiek arrisku bakteriologikoarekin gurutzatutako kutsadura-arriskua eragiten dezaketela, eta kutsadura gurutzatua gertatzeko arrisku hori handiagoa dela teknika horrekin bilatzen diren gaitzen arriskua baino. Ondorioz, ezarri zuen esku-teknika horiek susmagarriak diren txerriekin baino ez direla erabili behar.

Araudi berriaren arabera, honako hauen arabera hartuko da txerri bat susmagarritzat:

  1. Animalien jatorrizko ustiategiari buruzko datu epidemiologikoak edo beste datu batzuk.
  2. Elikakateari buruzko informazioa.
  3. Ante morten ikuskapenaren ondorioek edo post morten atzemandako irregulartasun bereizgarriek adierazten badute arriskua egon daitekeela osasun publikoarentzat, animalien osasunarentzat edo animalien ongizatearentzat.

Azkenik, lege-testuak dio albaitari ofizialak aukera eduki behar duela erabakitzeko zein haztapen edo ebaki egin behar diren post morten ikuskapenean, haragia giza kontsumorako egokia dela zehazteko.

Araudi berria