EFSAk zientzia-irizpen bat argitaratu du orain dela gutxi txerrien animalia-ongizatearen inguruan, horiek hiltzeko prozesuan. Irizpen hori Europako Batzordeak eta Animalien Osasunaren Mundu Erakundeak (OIE) erabiliko dute, hiltzeko prozesuan animalien ongizaterako ikuspegiak lerrokatzeko helburuarekin.

Ongizaterako ebaluatu zituzten hilketa-prozesuak txerriak hiltegira iritsi eta horiek hil artekoak izan ziren, eta hiru fase nagusitan sailkatu ziren: zorabiatu aurrekoa (helduera, kamiotik deskargatzea, kargatzea, manipulatzea eta txerriak lekualdatzea barne); zorabiatzea (murrizketa barne); eta odolustea. Txerriak zorabiatzeko erabiltzen diren metodoak hiru kategoriatan sailkatzen dira: elektrikoak, kontrolpeko atmosferakoak eta mekanikoak.

Emaitza gisa, hiltzeko prozesuan zehar txerriek sufri ditzaketen ongizateko 12 ondorio identifikatu ziren: estresa beroagatik, estresa hotzagatik, nekea, luzaroan egarri izatea, luzaroan gose izatea, mugitzeko ezintasuna, mugimenduaren mugaketa, atseden hartzeko arazoak, jokabide sozial negatiboa, mina, beldurra eta arnasteko zailtasunak.

EFSAk ondorioztatu du prozesuan zehar identifikatutako 30 arriskuetatik 29k arrazoi hauekin zutela zerikusia: langileek behar besteko ezagutzak eta gaikuntza ez izatea zeregin horiek gauzatzeko, nekea eta akidura, edo instalazioak gaizki diseinatuta eta eraikita egotea. Hala ere, irizpenak iradokitzen du prebentziozko neurriak ezar daitezkeela arrisku guztietarako; eta, hortaz, identifikatutako ustiategiaren kudeaketa ezinbestekoa dela prebentzio-lan hori gauzatzeko.

Antzeko irizpenak eman dira jada eskortako hegaztiei eta untxiei buruz. Eta, horrez gain, behiei buruzko iritzi gehigarri bat ere argitaratuko da aurten.