FVOren ikuskatzea: Espainiako hiltegiak 15/05/04
Elikagai eta Albaitaritza Bulegoak (FVO) ikuskatzea egin zuen Espainian joan den apirilaren 1etik 10era, hiltegietan animalien ongizatea bermatzen duten kontrol ofizialen eraginkortasuna egiaztatzeko. Zehazki, hauek egiaztatu zituen:
- Animaliei ez zaiela inolako minik edo sufrimendurik eragiten, 1099/2009 zenbakiko Araudiarekin (EE) bat eginez.
- Animalia hiltzeko unean ongizatea bermatzeko kontrol ofizialak, 882/2004 zenbakiko Araudiaren (EE) arabera egindakoak, egokiak direla 1099/2009 zenbakiko Araudia (EE) behar bezala ezartzen dela bermatzeko.
- Erakunde eskudunek 1099/2009 zenbakiko Araudian (EE) ezarritako baldintza bereziak betetzen dituztela (besteak beste, jardunbide onei, babes zientifikoari eta gaitasun-agiriei buruzko arauak) eta baldintza horiek modu eraginkorrean ezartzen direla.
Horiez gain, hauek ere aztertu ziren:
- Haragi-ekoizpenerako hazitako oilaskoen ongizatearen baldintza kaskarrak direlako zantzuak ote dauden hiltegietan.
- Batetik, garraia daitezkeen animaliak baino ez direla bidaltzen hiltegietara; bestetik, horretarako 883/2004 Araudian (EE) jasotako prozedurak ezartzen ote diren. Prozedura horiek ahalbidetu egiten dute animalien "premiazko hilketa" ustiategietan eta hiltegietara kanalak bidaltzea.
Ikuskaritza Asturiasko eta Galiziako hegazti-hiltegietan nahiz haragiki gorrien hiltegietan egin zen. Hona hemen ikuskaritzaren azken txostenean jasotako ondorio nagusiak:
- Gabeziak daude hiltegietako langileen prestakuntzari eta gaitasun-agiriei dagokienez.
- Gabeziak daude behiei eusteko boxetan.
- Ikuskatutako bi autonomia-erkidegoek oraintsu garatu dituzte jakinarazpen-sistema onak, eta aktiboki lan egiten dute hiltegietan animalien ongizatearen kontrola ezartzen.
- Hegaztien hiltegiko erakunde eskudunak ez zuen kontrol nahikorik egiten animalien zorabialdian eta hilketaren unean.
- Arazo larria da hiltegietara eraman ezin daitezkeen behien garraioa. Badaude autonomia-erkidegoetan araua betearazteko neurriak; alabaina, zehapenak ez dira disuasio-neurriak, eta ez dirudi laster konponduko denik aspaldiko arazo hori.
- Autonomia-erkidego gehienetan ez da kontrolik egiten, kortako hegaztien hiltegietan animalia-ongizateari buruzko post morten adierazle berezien erregistroaren gainean.