Sukar aftosoa edo ahokeria

LABURPENA

Sukar aftosoa (SA), glosopeda izenez ezaguna ere, garrantzi handiena duten mugaz haraindiko gaixotasun birikoetako bat da. Artiodaktilo edo biungulatuei soilik eragiten die. Gaixotasun hori agertzen bada, ondorioak suntsitzailean izan daitezke animalia-jatorriko elikagaien eskualdeko eta nazioarteko merkataritzarako. Nahitaez aitortu beharreko animalia-gaixotasuna da, pertsonei eragiten EZ diena.

Zeinu klinikoak espeziearen araberakoak izan daitezke, baina, orokorrean, sukar akutua eta puslak (anpoilak) izaten dira apatxetan, aho inguruan eta barruan (ahosabaian eta mihian) eta bular-guruinetan. Laborategian diagnostikatu behar da gaixotasuna berresteko, gainontzeko gaixotasun besikularretatik ezin delako bereizi.

Hedapena leherkorra izan daiteke, zabaltzeko botere handia duelako. Kutsatutako animalien iraizpen eta jariatze guztietan dago. Hedapena animalia bizi edo hilen bidez gertatzen da (etxekoak zein basatiak), baita horietatik eratorritako produktuetatik ere, kutsatutako pentsuen edo fomiteen bidez (oinetakoak, arropa, ibilgailuak, labanak, ekipoak, etab.), eta airetik.

Desagerrarazteko, kutsatutako eta kontaktuan egon diren animaliak hiltzen dira, txertatzea galarazita dagoelako. Oro har, profilaxia oinarritzen da gaixotasuna sartzea eragozten duten neurriak ezartzean, alerta goiztiarreko sistemen bidez eta Albaitaritza Zerbitzu Ofizialei (AZO) jakinaraztearen bidez, inportazioko eta biosegurtasuneko politika egokiak hartzeko eta gaixotasunaren aurka borrokatzeko jarduera-protokoloak aktiba daitezen.

1. Zer da?

Sukar aftosoa (SA) animalien gaixotasun oso kutsakorra da. Picornaviridae familiako ARN birus batek sortzen du, Aphthovirus (VFA) motakoa, zeinaren zazpi serotipo existitzen diren; O, A, C, SAT 1, SAT 2, SAT 3 eta Asia 1. O serotipoa ohikoena da mundu mailan. Ez dago horien arteko immunitate gurutzaturik eta serotipo bakoitzaren barruan azpimota batzuk bereizten dira, zeinak immunologikoki ezberdinak izan daitezken ere.

Artiodaktiloen (behatz bikoitiko apatxak dituzten animaliak) espezie guztiei eragiten die, bai etxekoei, bai basatiei, batez ere, behiei eta txerriei, baita ardiei, ahuntzei eta beste hausnarkari batzuei ere.

Gaixotasun horren ezaugarri nagusiak dira sukarra eta anpoila formako lesio besikularrak, mukosan, mihiaren eta ezpainen epitelioan, ahoan, errapeetan eta apatxen artean.

Adin guztietako animaliei eragiten die, baina hazkuntza‑sistema intentsiboko animaliak arraza tradizionaletakoak baino gaitzikorrakoak dira. Populazio gaitzikor bateko gaixotze‑tasa nahiko altua izan ohi da, ia % 100ekoa, kutsakortasuna altua delako. Gaixotasuna ez da hilgarria izaten animalia helduen kasuan, baina animalia gazteen eta animalia basatien populazioen kasuan, hilgarritasun‑tasa altua izan ohi da.

2. Zeintzuk dira Gaixotzen diren espezieak?

Animalia artiodaktilo guztiak, etxekoak zein basatiak izan, dira gaitzikorrak, hauek barne:

  • Behiak, ostalari nagusi gisa jarduten du.
  • Ardiak, ahuntzak, txerriak eta bufaloak; horietan, andui batzuk bereziki eraginda dirudite.
  • Fauna basatiko espezie batzuk: Oreinen eta antilopeen espezie guztiak, elefanteak eta jirafak dira gaitzikorrak, oreinak, antilopeak, txerri basatiak, elefanteak, jirafak eta kamelidoak barne. Gaur egun, fauna basatiaren rola ezezaguna da, Afrikar bufaloarenaz (Syncerus caffer) aparte, Afrikan, zeina birusak bizirik mantentzeko gai den.

3. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da?

Bai, SA OIEren (Abereen Osasunerako Mundu Erakundea) Lurreko Animalientzako Osasun Kodean jasotako gaixotasuna da eta nahitaez aitortu beharra dago.

4. Zer arrisku eragiten dio osasun publikoari?

SAk ez du osasun publikoarentzako arriskurik: ez da ZOONOSI bat, eta, hortaz, ez die gizakiei eragiten.

5. Zein banaketa geografiko du?

Banaketa enzootikoa honako leku hauetan:

  • Asia, Ekialde hurbila eta Afrikako parte batzuetan.
  • Hego Amerikan, soilik herrialde gutxi batzuetan. Herrialdeen gehiengoak zonifikazioa aplikatu du eta sukar aftosorik ez dutela onartuta dago, txertaketarekin edo hori gabe.

SArik ez duten eremuak:

  • Australia, Zeelanda Berria, Indonesia, Erdialdeko Amerika, Ipar Amerika eta Mendebaldeko Europa.
  • Gaixotasuna noizean behin agertu daiteke normalean libre egoten diren eremuetan. Sukar aftosorik ez duten herrialdeek gaixotasuna beren eremuan sartzeko etengabeko mehatxua dute.

Gaixotasunak mundu osoan duen agerraldiari buruzko informazio berriagoa eta eguneratuagoa jaso nahi izanez gero, OIEk munduko informazio zoosanitarioari buruz duen datu-basearen interfazea kontsultatu daiteke (WAHIS)

6. Nola transmititzen eta hedatzen da (epidemiologia)?

SA kutsakortasun altuko gaixotasuna da, birusa honako transmisio‑bide hauetatik hedatzeko duen erraztasunari lotua:

Zuzena:

  • Kutsatutako animalien eta animalia gaitzikorren arteko kontaktu zuzenaren bidez, kutsatutako animalien iraizpenen eta jariatzeen bitartez (adb.: egin diren anpoilen jariagaiak, listua, gernua, gorozkiak, esnea, semena, etab.).
  • Animalia gaitzikorren eta kutsatutako fomiteen arteko kontaktu zuzenaren bidez (adb.: oinetakoak, arropa, ibilgailuak, etab.).

Zeharkakoa: birusaren honako iturri hauekin kontaktua izateagatik:

  • Kutsatutako materialak: lastoa, pentsuak, ura, esnea edo produktu biologikoak.
  • Ustiapena bera: eraikinak, ukuiluak, ibilgailuak, arropak, oinetakoak edo ekipoak.
  • Honako hauen kontsumoa:
    • Haragia edo haragi‑produktu kutsatu gordinak edo behar beste egosi gabeak, zeinak animalia gaitzikorren elikaduran erabiltzen diren (hondakin‑elikadura txerrietan).
    • Kutsatutako esnea, batez ere txahalen kasuan.
  • Intseminazio artifiziala kutsatutako semenarekin.
  • Dispertsioa aerosoletan eta aerosol infekziosoak arnastea. Birusa airearen bidez garraiatu daiteke, bereziki, eremu epeletan (60 km arte lurrez eta 300 km arte itsasoz). Gizakiok ere sukar aftosoaren birusa izan dezakegu arnasbidean 24 eta 48 ordu bitartean (ikerkuntza‑azpiegituretan birusa harrapatu ahal izan duten langileentzako berrogeialdia).

7. Zein dira sintoma klinikoak?

SAren inkubazio aldia ezberdina izan daiteke animalia‑espeziearen arabera, birusaren dosiaren arabera, birusaren anduiaren arabera eta inokulazio‑bidearen arabera, baina infekzio gehienak 2 eta 8 egun arteko epean agertzen dira.

Ondoren, zeinu klinikoak agertzen dira, arin edo ez‑agerikoetatik larrietara, hauen arabera:

  1. anduia
  2. esposizio‑dosia
  3. animaliaren adina eta arraza
  4. ostalariaren espeziea
  5. ostalariaren immunitate‑maila

Isolatuaren birulentziaren, faktore epidemiologikoen eta ostalariaren ezaugarrien arabera, gaixotasuna modu kliniko ezberdinetan aurkez daiteke: akutua, subakutua edo kronikoa; akutua da ohikoena, eta hau da sintomak agertzeko kronologia:

AKUTUA

  • Afta primarioak agertzea birusa sartu den tokian, lehen 10‑12 orduetan. Hasiera batean, oso txikiak izaten dira, eta, hortaz, ez ohi dira detektatzen. Halere, batzuetan, hainbat akta fusionatzen dira eta 5 cm‑ko diametrora ere iristen den pusla bat ere sor dezakete.
  • Sukarra: infekziotik 1 eta 5 egun bitartean. Gorputzeko tenperatura bat‑batean igotzea, birusaren fasearekin batera, 40‑41º C‑ra iritsi arte. Animaliak jangartxu eta etzanda agertu ohi dira. Emezko haurdunen kasuan, abortuak eta erditze goiztiarrak ere dokumentatu dira.
  • Afta sekundarioak:
    • Batez ere, behatz artean, errodete koronarioan, tartsoetako eta karpoetako azalean, ahoan eta errapeetan.
    • Lehenik, eritema bat agertzen da (gune gorritua), gero, hantua, hanpadurarekin eta kolore zurbilagoarekin, eta, azkenik, likido horixka serosoz betetzen dira.
    • Mina ematen die eta normaltasunez ibiltzea ekiditen die. Ondoren, herrentasun berezia sortzen du, eta animaliak eserita edo etzanda egon ohi dira.
  • Aftak apurtzea: 6 eta 24 ordu arteko tartea igaro eta gero, aftak apurtu eta epitelioa galtzen dute. Afta sekundarioen kokapenaren arabera, adierazpen klinikoak ezberdinak izan daitezke:
    • Hauek askatzea:
      • Kasko osoa, hainbat pusla elkarrekin agertzen badira, eta apatx osoa ere galdu edo bertan deformazioak ager daitezke.
      • Mihiaren epitelio osoa, bereziki behien kasuan.
    • Ptialiasmoa eta gehiegizko listu‑jariatzea, mina irenstean eta mihiaren gehiegizko mugimenduak.
    • Agalaxia eta laktazio‑ezintasuna.
  • Sukarra desagertzea 10 egun baino gutxiagotan eta lesioak 1 edo 2 astetan sendatzea, ez bada agertzen bigarren mailako infekzio bakteriano. Kasu horretan, ondorioak oso aldakorrak izan daitezke.

GAINAKUTUA

Batez ere, animalia gazteetan agertzen da, eta miokarditis batek hitzen du animalia, “bihotz nabarraren” ohiko lesioarekin.

SUBAKUTUA

Subakutua ohikoagoa da ardi eta ahuntzetan, eta horietan ez da ia gaixotasunaren adierazle klinikorik agertzen. Hori dela eta, oso zaila da lesioak hautematea, eta laborategira jo behar izaten da.

Jarraian, espezien araberako koadro klinikoa deskribatzen da:

Behiak:

  • Sukarra, anorexia, hotzikarak, esnearen ekoizpena 2‑3 egunetan zehar murriztea, gero:
  • Ezpainak klaskatzea, hortzak miazkatzea, adurra jariatzea, herrena, zorua ostikoz jotzea edo kaskoak estanpatzea, hori guztia ahoko eta sudurreko mukosetan eta/edo behatzen artean eta zerrenda koronarioan hazten diren besikulek edo aftek eraginda.
  • 24 orduren ostean: puslak apurtzea, erosioak utzita.
  • Puslak bularreko guruinetan ere agertu daitezke.
  • Animaliak 8 eta 15 egun artean sendatu ohi dira.
  • Konplikazioak: mihiko erosioak, lesioen gaininfekzioa, apatxen deformazioa, mastitisa eta esnearen ekoizpenaren narriadura iraunkorra, miokarditisa, abortua eta pisu‑galera kronikoa.
  • Animalia gazteak miokarditisagatik hiltzea anpoilak agertu baino lehen ere.
  • Orokorrean, anpoilak 7 eguneko epean sendatzen Halere, gaixotasunak hazkunde‑tasen edo esne‑ekoizpenaren gainean duen eragina animalia sendatu eta gero jarrai dezake. Sendatu diren animaliek, batzuetan, birusa garraiatu eta gaixotasunaren ituri berriak eragin ditzakete.

Ardiak eta ahuntzak:

  • Herrena eta ahoko lesioak arinak izan ohi dira: apatxeko zerrenda koronarioko edo behartzen arteko tarteetako lesioak oharkabean pasa daitezke, baita hortzoietakoak ere.
  • Agalaktia ezaugarrietako bat da.
  • Abere gazteak hiltzea, zeinu klinikorik gabe

Txerriak:

  •  Oinetan lesio larriak pairatu ditzakete, baita herrena ere, askatzearekin (batez ere hormigoiaren gainean).
  • Pusla‑lesioak ere sor dakizkieke muturrean, edo lesio lehorrak mihian.
  • Heriotza‑tasa altua txerrikumeen kasuan.

8. Nola diagnostikatzen da?

Klinikoki, SA ezin da bereizi beste gaixotasun besikular batzuetatik, esaterako, txerrien gaixotasun besikularretik, estomatitis besikularretik eta exantema besikularretik. Horrenbestez, laborategiko diagnosi bat egin behar da, oro har, premiazkoa. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu behar ditugu honako gaixotasun hauek diagnosi diferentzialerako:

  • Behien beherako birala eta mukosen gaixotasuna.
  • Behien infekziozko errinotrakeitisa.
  • Mihi urdinaren gaitza.
  • Gaixotasun hemorragiko epizootikoa.
  • Behien errape‑mina.
  • Behien estomatitis besikulara.
  • Ektima kutsakorra.
  • Mihi urdin gaiztoa

Laborategiko diagnosia: Gaixotasunaren barreiatze‑maila altuaren ondorioz, laborategiko diagnosi azkar bat egin behar da neurri sanitarioak albait arinen hartzeko, gaixotasuna kontrolatze eta desagerrarazteko.

  1. Laginak: SAB infekzio akutua duten animalia guztien jariatze eta iraizpen guztietan ager daitee, eta aukeran dauden laginak hauek dira:
    1. Osorik dauden edo berriki apurtu diren puslen epitelioa animalia susmagarrien likido besikularra. Birusaren titulu oso altuak dituzte.
    2. Odola: antigorputzak detektatzeko, bereziki erabilgarria da ardien eta ahuntzen kasuan, aftak ez direlako normalean agertzen edo ahoan baino ez dituztelako erosio batzuk izaten. Antigorputzak infekziotik 4 egunera ager daitezke.
    3. Listua: ardietan, birusa listuan detektatu ahal delako denboraldi luzeetan zehar.
    4. Faringeko eta sudurreko isipuak (frotis): Hausnarkarien eta txerrien kasuan, birusaren erreplikazio‑lekua goiko arnasbidea izaten denez, isipuen bidez jasotako fluidoen eta zelulen laginak, faringekoak nahiz sudurrekoak izan, lagin onak dira.
    5. Lagin faringoesofagikoak (Probang cups): Bereziki erabiltzen da behiekin eta hausnarkari txikiekin, animalia eramaileak hautemateko. Helburua likido orofaringeoa lortzea da, bereziki, zonalde horietako gainazaleko epitelio‑zelulak, esofagoaren aurreko partetik, faringeko paretetaik, amigdalen zuloetatik eta ahosabai‑errezelaren gainazaletik ere.
    6. Ehunak: Bihotza, giltzurruna, gongoil linfatikoak eta gibela, hildako animalietan.
    7. Esnea: Birus hau esnean hauteman daiteke gaixotasunaren lehen lesioak edo zeinu klinikoak agertu baino 4 egun lehenago.

Laginak laborategira bidaltzea: Halabeharrezkoa da kasu susmagarrien laginen garraioa segurua eta nazioarteko arauen araberakoa izatea. Baimendutako laborategietara bakarrik bidali behar dira, SA oso kutsakorra delako eta garrantzi ekonomiko handia duelako. Ondorioz, laborategiko diagnosia eta birusaren serotipoaren identifikazioa bioeuste‑maila egokia duen laborategi batean egin behar dira.

Laginaren motaren arabera, garraiobidean bertan egokitu beharko dira, edo ez; izan ere, SABa erabat sentikorra da pHaren aldaketekiko. Bideak tanpoi‑edukiera izan behar du eta pHa 7,2 eta 7,6 artean dagoela bermatu behar du. Honela bereizten da:

  • Odola, (antikoagulatzailerik gabe / EDTA antikoagulatzailearekin), huts‑hodian bertan.
  • Lagin likidoak eta pusletako likidoak, esnea: laginak hartzeko hodi esteriletan, garraiobiderik gabe.
  • Ehunen laginak (batik bat epitelioak), sudurreko/ahoko frotisak eta zelulak dituzten lagin faringoesofagikoak, garraiobidez.

Laborategi‑teknikak, honako hauen bidez izan daitezke:

  • Eragilea hautematea:
    • Birusa isolatzea zelula‑lerroen bidez, gero, laginetan SABaren presentzia berresteko eta serotipoa zehazteko, ELISA edo RT‑PCR.
    • Birus‑antigenoak hautematea ELISAren bitartez.
    • Azido nukleiko birala hautematea RT‑PCR bidez.
  • Antigorputz espezifikoak hautematea oso erabilgarria da epitelio‑ehunik ez dagoenean, ardien eta ahuntzen kasu azpiklinikoak susmatzen direnean, animalien populazioetan azterlan epidemiologikoak egiteko eta txertaketa‑kanpainen aurrean erantzuteko azterlanak egiteko. Gehien erabiltzen diren teknikak birusneutralizazioa (VN) eta ELISA teknikak dira.
  • Tipifikazio genetikoa, andui isolatuen genoma birikoaren zatien sekuentzia nukleotidikoa zehazteko. Gaixotasunaren jatorria ezagutzeko erabiltzen da, epidemiologia molekularreko azterlanen bidez.

9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?

SA desagerrarazteko, osasuna dela eta, kaltetutako eta kontaktuan egon diren animaliak hil egiten dira; izan ere, debekatuta dago gaixotasun horri aurre egiteko txertoak jartzea. Hala ere, gaixotasuna baieztatu bada eta modu kezkagarrian zabaltzeko mehatxua badago, premiazko txertaketa egitea erabaki ahal izango da.

Oro har, profilaxia gaixotasuna sartzea ekiditen duten neurriak aplikatzean oinarritu beharko da. SA agerraldi bat dagoenean, hedatzeko duen ahalmen handia kontuan hartuta, gaixotasuna ahalik eta azkarren desagerrarazi behar da, eta, hartara, mugatu egin behar da gaixotasunaren hedapena eta kaltetutako abeltzaintza‑sektoreari eragin diezaiokeen inpaktu ekonomikoa.

 Neurri horiek barne hartzen dute:

  • Albaitaritza Zerbitzu Ofizialei (AZO) arin jakinaraztea susmagarritzat jo diren kasu guztiak. Edozein susmoren berri eman beharko zaie AZOei, premiaz.
  • Gaixotasuna azkar detektatu eta berresteko sistemak, laborategian.
  • Infektatutako eta gaixotasuna hartzeko gaitzikorrak diren animalia guztiak berehala isolatu eta hiltzea, ondoren, desinfektatzea, eragindako ustiategien huste sanitarioak egitea eta gorpuak suntsitzea.
  • Erregionalizazioa eta babes‑ eta zaintza‑eremuak ezartzea, birusaren hedapena saihesteko kontrol‑neurri espezifikoak hartzeko:
  • Kutsatuta egon daitezkeen ustiategiak, hiltegiak eta bestelako instalazioak azkar identifikatzea.
  • Mugimendu kontrolatuak, deklaratutako eremuetan, animalietan eta beren produktuetan. Esaterako, gorozkiak eta kutsatuta egon daitekeen maneiuarekin lotutako beste edozein materia (adb.: arropak eta oinetakoak).
  • Biosegurtasuneko neurri zorrotzak, kutsatuta egon daitezkeen instalazioak, materiala eta garraiorako ibilgailuak desinfektatzea.
  • Kutsadura‑iturria eta gaixotasuna hedatzeko bideak zehazteko arakatzeko gaitasuna eta zaintza, hau da jarraipen klinikoa.
  • Egoera epidemiologikoaren, populazioaren dentsitatearen eta abarren ondorioz, behar den kasuetan, txertatzea.

Sukar aftosoaren aurkako estrategia globalak aipatutako neurri guztiak hartzen ditu barne, baita prebentzio‑neurriak ere, mugetan animalien inportazioak eta garraioak zainduz eta zorrotz kontrolatuz.

Herrialde edo eremu endemikoetan, desagerrarazte selektiboa osatu daiteke animalien talde gaitzikorren txertaketarekin. Erabilitako txertoek eremu horretan birusaren gehien agertzen den anduiaren kontra babestu beharko dute.

10. Erreferentziak eta legedia

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Zuzentaraua, 2016ko martxoaren 9koa, animalien gaixotasun kutsakorrei buruzkoa eta animalien osasunari buruzko zenbait ekintza aldatu edo indargabetzen dituena («Animalien osasunari buruzko legeria»). SA 5. artikuluan aipatzen den gaixotasun bat da, Erregelamendua aplikatu behar zaien gaixotasunen artean.

Batzordearen 2018/1882 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 2018ko abenduaren 3koa, zerrendan adierazitako gaixotasun‑kategoriak prebenitzeko eta kontrolatzeko zenbait arau aplikatzeari buruzkoa; horren bidez ezarri da gaixotasun hori zabaltzeko arrisku nabarmena dakarten espezieen eta espezie‑taldeen zerrenda bat. SA A+D+E gisa sailkatuta dago. Beraz, berehalako neurriak aplikatu behar dira hori detektatzean desagerrarazteko, mugimenduetan prebentzio‑neurriak hartzeko eta zaintza‑neurriak hartzeko.

Batzordearen 2020/687 (EB) Erregelamendu Delegatua, 2019ko abenduaren 17koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua osatzen duena, zerrendako gaixotasun jakin batzuk prebenitzeari eta kontrolatzeari buruzko arauei dagokienez.

Batzordearen 2020/688 (EB) Erregelamendu Delegatua, 2019ko abenduaren 17koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua osatzen duena, lurreko animaliak eta inkubatzeko arrautzak Batasunaren barruan lekualdatzeko baldintza zoosanitarioei dagokienez.

Batzordearen 2020/689 (EB) Erregelamendu Delegatua, 2019ko abenduaren 17koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua osatzen duena, zerrendako gaixotasun jakin batzuei eta sortzen ari diren gaixotasunei dagokienez zaintza‑arauei, erauzketa‑programei eta gaixotasunik gabeko estatusari dagokienez.

Batzordearen 2020/692 (EB) Erregelamendu Delegatua, 2020ko urtarrilaren 30ekoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua jasotzen duena, Europar Batasunean sartzeko eta, sartu ondoren, animalia, ugaltze‑produktu eta animalia‑jatorriko produktu jakin batzuen sortak lekuz aldatu eta manipulatzeko arauei dagokienez.

Batzordearen 2020/2002 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 2020ko abenduaren 7koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituena, Europar Batasunari egindako jakinarazpenari eta zerrendako gaixotasunei buruzko txostenak bidaltzeari buruzkoa, informazio‑sistema informatikoari buruzkoa, bai eta Batasunaren zaintza‑ eta erauzte‑programekin eta gaixotasunik gabeko estatusa onartzeko eskaerarekin lotutako txostenak aurkezteko eta bidaltzeko formatu eta prozedurei buruzkoa ere.

Animalien osasunari buruzko 8/2003 Legea.

AAA/2444/2015 Agindua, Magreben sukar aftosoaren aurkako prebentzio‑neurriak ezartzen dituena.

AAA/2719/2015 Agindua, AAA/2444/2015 Agindua aldatzen duena. Agindu horrek Magrebeko sukar aftosoaren aurkako prebentzio‑neurriak ezartzen ditu.

Sukar aftosoaren inguruko informazioa‑OIE

Sukar aftosoaren inguruko informazioa ‑ MAPA

Sukar aftosoaren fitxa – CFSPH (Iowa State University)

Sukar aftosoaren inguruko informazioa ‑ The Pirbright Institute

Eguneratze data: