Zaldi-gripea

LABURPENA

Zaldi-gripea (ZG) etxeko ekidoen eta ekido basatien oso kutsakorra den infekzioa da. Influenzavirus A generoko ARN birusaren H7N7 eta H3N8 subfilumek eragiten dute. Noiz edo noiz txakurrei ere eragin ahal diete. Nahitaez aitortu beharreko animalia gaixotasuna da eta EZ die pertsonei eragiten.

Honela heda daiteke gaixotasuna: zaldien artean zuzeneko kontaktuaren bidez; animalia osasuntsuen eta infektatuen arteko arnas-isurien eta -iraizpenen bidez; arnas–isuriekin eta -iraizpenekin kutsatutako fomiteen bidez (kutsatutako lokalak, ibilgailuak, ekipoak eta jantziak barne). Birusak erresistentzia handia du denbora luzez ingurumenean, batik bat tenperatura baxuan.

Gaixotasuna kontrolatu eta prebenitzeko, zaldikumeak sei hilabetetik gora txertatu behar dira eta ernari dauden behorrei erditzearen aurreko 2-6 asteetan txerto inaktibatua jarri behar zaie. Agerraldi bat kontrolatzeko, animaliak isolatu eginbehar dira eta mugimenduak kontrolatu.

Gaur egun, ZG endemikoa da mundu osoan, Australian eta Zelanda Berrian eta Islandian izan ezik. Mundu osoko zaldi-populazioetan arnas-gaixotasunaren arrazoi nagusietako bat da, eta agerraldien kudeaketak inpaktu ekonomiko handia du.

1. Zer da?

Zaldi-gripea (ZG) oso gaixotasun kutsakorra da, Ortomixoviridae familiako Influenzavirus A generoko ARN birusaren H7N7 eta H3N8 subfilumek eragiten dute eta adin eta arraza guztietako ekidoei eragiten die.

Estuki lotuta dago giza, hegazti-, txerri- eta txakur-gripearekin, baina bestelako ezaugarriak ditu.

2. Zeintzuk dira Gaixotzen diren espezieak?

Zaldiak, astoak, mandoak eta zebrak.

3. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da?

Bai, ZG Animalien Osasunaren Mundu Erakundearen (OIE) Animalia Lehortarren Osasun Kodean dagoen gaixotasuna da eta nahitaez aitortu beharrekoa da.

4. Zer arrisku eragiten dio osasun publikoari?

ZG EZ da arriskutsua osasun publikorako: EZ da ZOONOSI bat; beraz, EZ dio gizakiari eragiten.

5. Zein banaketa geografiko du?

Zaldi-gripea endemikoa da mundu osoan, Australian (2007an agerraldi handi bat erregistratu zen), Zeelanda Berrian eta Islandian izan ezik.

Gaixotasunak mundu osoan duen agerraldiari buruzko informazio berriagoa eta eguneratuagoa jaso nahi izanez gero, OIEk munduko informazio zoosanitarioari buruz duen datu-basearen interfazea kontsultatu daiteke (WAHIS)

6. Nola transmititzen eta hedatzen da (epidemiologia)?

ZGaren birusak arraza eta adin guztietako ekidoei eragiten die eta oso kutsakorra da. Inkubazio-aldia 1-3 egunekoa baino ez da eta oso azkar hedatzen da. Agerraldi leherkorrak eragin ditzake eta infekzio-tasa ia % 100ekoa da.

Gaixotze-tasa % 20tik % 90era bitartekoa izan daiteke; hilkortasun-tasa, berriz, % 1etik beherakoa. Agerraldiak urteko edozein garaitan gerta daitezke, baina ikusi da baduela nolabaiteko urtarokotasun bat, arrisku-faktoreen bateratzeari lotuta (zaldiak biltzea, eguraldi hotza, etab.).

Birusak ingurune hezeetan 72 orduz eta ingurune lehorretan 48 orduz bizirauteko gaitasuna du.

Infekzioaren ondoren, zaldiek 6-7 egunez iraizten dute birusa. Immunitate partziala duten zaldiek infekzio subklinikoa izan dezakete eta birusa iraitz dezakete.

Honako hauek dira transmisio-bideak:

  • Zuzenekoa: eztularen, sudur-isuriaren eta listuaren bidez birusa iraizten duten animalia infektatuekin kontaktuaren bidez.
  • Zeharkakoa:
    • Aire-bidea: sudur-isurien tanten transmisioa eztularen eta aire-bideen bidez
    • Bide mekanikoa: isuri eta iraizpenekin kutsatutako fomiteen bidez (kutsatutako lokalak, ibilgailuak, ekipoak eta jantziak barne). Birusak erresistenteak dira denbora luzez ingurumenean, batik bat tenperatura baxuan.

7. Zein dira sintoma klinikoak?

Zaldiek sintoma klinikoak izan ditzakete infektatu ondorengo 48 orduetan:

  • Sukarra (41.1ºC-ra arte), arnas hartzeko zailtasuna, eztul lehorra eta mingarria.
  • Sudur-isuriak, hasieran serosoa eta infektatu ondorengo 72-96 orduetara mukitsu-zornetsua.
  • Letargia, depresioa, apetitu-galera, muskuluetako mina eta ahulezia.
  • Faringearen atzealdeko linfadenopatia eta
  • Takipnea

Oro har, sintomak 7-14 egunetara amaitzen dira eta inoiz gutxitan izaten da hilkorra. Hala ere, normalean zaldiak denbora luzez ahultzen dituzten konplikazioak agertzen dira, batik bat animaliei ez bazaie ematen beharrezkoa duten atsedenaldia eta bigarren mailako bakterio-infekzioak agertzen badira (pneumonia zaldikumeetan).

Ekido batzuek sei hilabete ere behar izaten dituzte beren gaitasun fisiko osoa berreskuratu arte.

8. Nola diagnostikatzen da?

ZGaren susmoa zaldi gazteetan zeinu klinikoen behaketan (eztul lehorra) oinarritu daiteke, baina egokiena da laborategiko zuzeneko proben bidez egiaztatzea, birusaren isolamendua barne.

DIAGNOSTIKO DIFERENTZIALA: zaldi-gripearen sintomak beste arnas-gaixotasun batzuetan agertzen direnak dira, hala nola:

  • Zaldi-hazizurriak.
  • 1 eta 4 motako zaldi-herpesbirusak eragindako infekzioa.
  • Estreptokokoek eragindako infekzioa. Pneumonia bakterianoa.

LABORATEGIKO DIAGNOSTIKOA: behin betiko diagnostikoa test serologikoen bidez, antigenoaren edo azido nukleiko birikoaren detekzioaren bidez, edo birusaren isolamenduaren bidez egiten da.

  • Eragilea isolatzea: oiloen enbrioidun arrautzetan edo kultibo zelularretan isipu nasofaringeoetatik edo sudur- eta trakea‑garbiketetatik abiatuta.
  • Antigenoa edo azido nukleiko birikoa detektatzea isipu nasofaringeoko probetan edo sudur- eta trakea‑garbiketako probetan ELISA edo RT-PCR bidez.
  • Test serologikoak: serumetan, sintomak agertzen diren lehenengo fasean, hemaglutinazioaren inhibizioaren, hemolisi erradial bakarraren eta ELISAren bidez. Antigorputz-tituluak hemaglutinazioaren inhibizioaren (HI) edo hemolisi erradial sinplearen (SRH) bidez zehazten dira.

 LAGINAK HARTZEA:

  • Lehenengo zeinu klinikoak azaldu edo zaldiak kontaktuan egon eta 2-3 egunetara.
  • isipu nasofaringeoak eta odol gatzatuaren laginak (seruma), gutxienez 14 eguneko tartearekin hartutakoak.
  • Birusa laginen bidez suspertu daiteke, honako kasu hauetan:
    • Gripearen ohiko zeinuak dituen txertatu gabeko edozein zaldi.
    • Espezifikoak ez diren arnas-zeinuak dituzten txertatutako zaldiak.
    • Txertatu gabekoekin kontaktuan dauden zaldiak.

9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?

TXERTAKETA FUNTSEZKOA DA ZG kontrolatu eta prebenitzeko; izan ere, murriztu egiten du gaixotasunaren larritasuna eta osatzeko beharrezkoa den denbora. Txerto inaktibatuak , ohikoenak, eta txerto bizi eraldatu eta birkonbinatuak daude. Honako hau da gomendio nagusia:

  • Zaldikumeak 6 hilabete bete ondoren txertatzea,
  • Ernari dauden behorrei erditzearen aurreko 2-6 asteetan txerto inaktibatua jartzea.

Eta, oro har:

  • Lehen txertaketa egiten da txertoarekin dosi batekin, bigarren dosia 3-4 astera eta hirugarrena 3-4 hilabetera.
  • 6 hilean behin berriz txertatzea lehian aritzen diren zaldiak edo arrisku handiko aldiak.

PREBENTZIO-NEURRIAK USTIATEGIAN:

Kasu gehienetan gaixotasuna animalia infektatu bat etxalde edo ukuiluetara eraman ondoren agertzen denez, funtsezkoa da animalia sartzea eragoztea, hau da, animalia iritsi berriak isolatzea.

Txertaketa-historiala ez duten zaldiei dagokienez:

  • Ustiategian sartzean gutxienez 4 astez isolatu behar dira eta lehen txertoa jarri.
  • Arrisku handiko ustiategietan, zaldi gazteak beste zaldietatik bereizi beharko lirateke, eta zaldi-talde txikiak egin beharko lirateke agerraldiren bat gertatuz gero gaixotasuna azkar heda ez dadin.

Gainera, infekzio-arriskua murriztu daiteke:

  • Higiene- eta biosegurtasun-neurri zorrotzen bidez, birusa ez dadin transmititu fomiteen bidez.
  • Biosegurtasun-neurriak, garbiketa eta desinfekzio zorrotza barne, funtsezkoak dira gaixotasuna prebenitzeko. Birusa erraz suntsitu daiteke ohiko desinfektatzaileen bidez.

AGERRALDI BAT GERTATZEN DENEAN, edozein susmo izanik, premiaz jakinarazi beharko zaie albaitaritza-zerbitzu ofizialei, lekualdatzeen kontrolak ezarri eta infektatutako zaldiak isola ditzaten. Infektatutako ustiategian edo infektatutako establezimenduen inguruko erradio txiki batean gaixotasuna desagerraraztea lortzeko, zaintza aktiboarekin batera, arauzko neurriak hartu behar dira.

10. Erreferentziak eta legedia

Zaldi-gripeari buruzko informazioa- OMSA

Zaldi-gripeari buruzko informazioa- MAPA

Zaldi-gripeari buruzko informazioa- Infeequus

Real Decreto 526/2014, de 20 de junio, por el que se establece la lista de enfermedades de los animales de declaración obligatoria y se regula su notificación.

Eguneratze data: