EFSAk irizpen zientifiko bat argitaratu du, eta bertan PHHGaren aurkako txertaketaren ondorengo zaintza- eta arintze-neurriei buruzko ebaluazioa egiten du.

Joan den urrian EFSAk eskuragarri dauden txertoen eraginkortasunari buruzko ebaluazio zientifikoa eta PHHGaren aurkako txertaketa-planen ebaluazioa argitaratu zituen. EBko legediaren arabera, txertoa jarri ondoren, beharrezkoa da eskortako zaintza indartzea, edozein agerraldi goiztiar detektatzeko eta oso patogenoa den hegazti-gripea txertatutako eremuetan ez dagoela frogatzeko.

Hori dela eta, EFSAk, bigarren irizpen honetan, prebentziozko eta larrialdiko txertaketaren osteko zaintza-estrategiei buruzko ebaluazioa egin du, baita ustiategietan eta txertatutako eremuetan arriskua arintzeko murrizketei eta neurriei buruzkoa ere.

Estatukideak orientatzeko, EFSAk hegazti-griperako erreferentziazko laborategi nazionalek (ELN) egindako esperimentuen datu serologikoak erabili eta ebaluatu ditu. Esperimentu horiek ahate, indioilar eta oilaskoetan egin dira, eta txertoak eragindako immunitatea aztertu da. Helburua da txertatutako hegaztiak eta oso patogenoa den hegazti-gripeak kutsatutakoak bereiztea, erantzun immunitarioaren arabera.

Proba-motaren, lagin-motaren, laginaren tamainaren eta laginketa-tartearen konbinazioek zaintza aktiboko aukera eraginkorrak eman zituzten larrialdiko txertaketan agerraldiak goiz detektatzeko. Bestalde, beharrezkotzat jotzen zen prebentziozko txertaketaren ostean gaixotasunik ez zegoela frogatzea.