EFSA, ECDC eta EURL erakundeek duela gutxi txosten bat argitaratu dute batera, eta bertan A(H5N1) birusak gizakien artean hedatzeko gaitasuna eskuratzeko faktoreak deskribatzen dituzte. Horrez gain, animalia eta gizakietan ezarri beharreko neurriak proposatzen dituzte, giza osasunerako arriskua murrizteko.

Gripearen birusak EBko hegazti basatien populazioen artean nagusitzen jarraitzen du, eta hegazti basatien zein eskortako hegaztien artean heriotza-tasa altua eragiten du. Hala ere, PHHG kasuak baieztatu dira EBn, larrutarako animalien abeltegietan, hegaztien eta ugaztunen arteko birusaren transmisioaren ondorioz.

Bestetik, kutsatutako hegaztiek birusa gizakiei kutsatzea ohikoa ez den arren, 2020az geroztik birus horien esposizioa erregistratu da. Hala ere, EB/EEEn ez da infekzio sintomatikorik ohartarazi. Dena den, birus horiek mundu-mailan bilakaera izaten jarraitzen dute, eta, hegazti basatien migrazioaren ondorioz, ugaztunetara egokitu daitezkeen balizko mutazioen andui eramaileak agertu litezke.

Hori dela eta, EFSA, ECDC eta EURL erakundeek txosten honetan PHHG birusak ugaztunetan eta gizakietan duen esposizioa areagotu dezaketen faktoreen berri dute, zeinak mutazioa eta ugaztunetara egokitzea eragin dezaketen.

Dokumentuan hauei lotutako faktoreak azpimarratzen dira:

  • Egun dagoen A(H5N1) birusaren ezaugarriak eta urtaroko gripearen eta animalia-gripearen beste birus batzuen anduiak aldi berean egotearen balizko ondorioak.
  • Abeltegiko animalien sentikortasuna (larrutarakoak eta txerriak), bai eta konpainia-animaliena ere.
  • Abeltzaintza-praktika hauek:
    • Hegazti basatien birusak abeltegiko animalietan sartzeko aukerei lotutakoak (batez ere eskortako hegaztiak, baina ugaztunak ere izan daitezke),
    • birusaren hedapena abeltegian sartu ondoren (abeltegi barneko transmisioa, hedapen-luzeko ahalmena barne),
    • abeltegiko espezieen arteko transmisioa
    • eta ondorengo hedapena beste abeltegi batzuetara.
  • Animalia basatien garrantzia.
  • Klima-ingurumeneko faktoreak eta baliabide naturalen erabilera.

 Giza osasunerako arriskua murrizteko neurriak eta ekintzak planteatzen dira, One Health ikuspegiarekin. Jarduteko aukera nagusien artean, honako hauek daude:

Gizakiei eta animaliei zuzendutako zaintza hobetua eta datu-trukea: A gripearen zaintza hobetu behar da animalietan detekzioak gertatu diren eremuetan. Gizakietan detektatutako birus ez-gizatiar guztiak genetikoki eta antigenikoki karakterizatu behar dira.

  • Diagnostiko azkarrak, osasunaren monitorizazioa, proba azkarrak eta infektatutako animalien eraginpean dauden pertsonen berrogeialdia egiteko aukera bermatzea.
  • Laborategiak indartzea, teknikoki ondo hornituta egon behar baitute; izan ere, ezinbestekoak dira probetarako eta diagnostikorako, zaintzarako eta gerta daitezkeen hegazti-gripearen kasuei erantzuteko.
  • Arreta medikoko sistema prestatzea: Osasun-langileak gaitzea gaixotasunaren seinaleak eta sintomak ezagutzeko, norbera babesteko ekipamendua (NBE) nola erabili babesteko eta hedapena prebenitzeko, eta pazienteak nola zaindu jakiteko.
  • Norbera babesteko neurriak: Kutsatuta egon daitezkeen animaliekin kontaktuan dauden pertsona guztiek higiene pertsonal handia izan behar dute, eta erraztasunak eman behar zaizkie langileei.
  • Ustiategiko eta ekoizpen-kate osoko biosegurtasuna, hegazti-gripeak eragindako infekzioak goiz detektatzeko, prebenitzeko eta kontrolatzeko sentsibilizazio-kanpainak ezarrita.
  • Eskortako hegaztien txertaketa: beste prebentzio- eta kontrol-neurri batzuk osatzea du helburu, hala nola hegazti basatien infekzioaren zaintza, detekzio goiztiarra eta biosegurtasuna, PHHGa sartzeko eta hedatzeko prebentzioan eta kontrolean duen inpaktua indartzeko.

IAAPari buruzko informazio gehiago aurki dezakezu esteka hauetan: