Osasun Ministerioak ebaluazio arina argitaratu du foku berriek hegaztietan duten arriskuari eta pertsonen kasu berriei buruz, One Health ikuspegitik. Ebaluazioak ondorioztatu du hegaztietan foku berriak agertzeko arriskua oso handia dela oraindik, birusa oso hedatuta dagoelako basoko hegazti-espezieen artean. Bestalde, arriskua txikia da hegazti gaixoen eraginpean dauden ustiategietan esposizio okupazionala duten pertsonentzat eta oso txikia herritar orokorrentzat. Haragia edo arrautzak kontsumitzeagatiko arriskua hutsala da. Txostenenean birusagatik infektatuta egon ahal diren hegaztiekiko esposizioa duten pertsonentzako gomendioak ematen dira.

Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (Osasun Ministerioaren menpe dago) hegazti-gripeak hegaztiengan eta pertsonengan daukan arriskuaren ebaluazioa arina argitaratu du. Ebaluazio hori egiteko arrazoia honako hau da: Espainian hegazti-ustiategi batean lan egiten duten pertsona batengan A hegazti-gripearen lehenengo kasua detektatzea (duela gutxi hegazti-gripearen agerraldia pairatu du). Ordura arte, gaixotasun horren bi kasu soilik detektatu ziren bi pertsonarengan mundu osoan, bata asintomatikoa eta bestea sintomatologia oso arinekoa.

Hegaztietan agerraldiak egoteko arriskua

2021-2022 aldian zehar, mundu-mailan hegazti-gripearen eraginik handiena erregistratu da hegaztietan; gainera, udako hilabeteetara luzatu da, eta hori ez da inoiz gertatu.

 

Mundu-mailan birusak duen esposizioa lotuta egon daiteke basoko hegaztiekiko duen etengabeko egokitzapenarekin. Halaber, gertakari hori ikusita, eta joan den udaberrian detektatutako fokuak aintzat hartuta, badirudi birusa eta gaixotasuna endemiko bihurtu direla gure inguruko basoko hegaztien artean. Horrez gain, egiaztatu da basoko hegazti autoktonoen artean transmititzeko gaitasuna duela.

 

Premisa horiek aintzat hartuta, ebaluazio horretan ondorioztatzen da agerraldi berriak egoteko arriskua oso handia dela oraindik. Agerraldi horiek eragin handia dute hegaztien osasunean eta galera handiak eragiten dituzte, hegazti-ustiategietan duten eraginaren ondorioz.

Pertsonetan kasu berriak agertzeko arriskua

Hegazti-gripearen birusa hegaztiek gizakiei transmititzea gertakari ezohikoa da eta pertsonen arteko transmisioa oso ezohikoa. Duela gutxi argitaratutako ebaluazioaren arabera, detekzio berriak agertzeko arriskua txikia da hegazti gaixoekin kontaktuan dauden pertsonentzat (kutsatutako abeltegietako langileak, albaitariak, ehiztariak, ornitologoak eta hegaztiekin kontaktuan dagoen ingurumeneko edozein agente). Gainera, pertsonen artean transmititzeko gaitasun txikia dela eta, herritar orokorrentzat dagoen arriskua oso txikia da. Bestalde, hegazti‑haragia edo arrautzak kontsumitzearekin lotutako arriskua hutsala da.

 

Horrez gain, pertsonetan kasuak agertzekotan, bigarren mailako kasuak geratzeko aukera oso txikia da, gaixotasunaren kutsakortasunari buruz gaur egun eskuragarri dagoen informazio epidemiologikoa eta mikrobiologikoa dela eta. Bestalde, herritar orokorren artean giza gripearen eta H5N1 hegazti-gripearen arteko koinfekzioa gertatzeko aukera ere (birusaren berrantolaketa eragin eta gizakien arteko transmisiora egokitutako birus berri bat sortu ahalko luke) oso txikia da; dena den, aintzat hartu behar da hegazti-abeltegietako langileetan.

Gomendioak

Ebaluazio honetan emandako gomendioen artean, honako hauek nabarmendu ahal dira:

  • Zaintza-sistemak mantentzea, bai animalietan, bai pertsonetan, eta gaixotasunaren edozein susmoren berri albait arinen ematea.
  • Infektatuta egon daitezkeen hegaztiekiko esposizioa murriztea.
  • Biosegurtasun-neurriak indartzea, bereziki hegazti-ustiategietako basoko hegaztiekin kontaktua murriztera bideratutakoak.
  • Hegaztiekin kontaktuan egoten diren pertsonei babeserako neurri egokiak gomendatzea animaliekin kontaktuan dauden uneetarako.
  • Animalia infektatuen eraginpean egoteko arriskua duten talde okupazionalek urtaroko gripearen txertoa jartzeko gomendioa indartzea.
  • Jarduketa-protokoloak jarraitzea ustiategietan dauden agerraldietan eta birusagatik infektatutako animalien eraginpean dauden pertsonentzat.
  • Animalia-osasunaren, ingurumen-osasunaren, osasun publikoaren eta laneko osasunaren arteko koordinazioa bermatzea.