Europako Batasunak eskatuta, EFSAren Animalien Osasun eta Ongizate Taldeak 36 mapa interaktibo egin zituen, bektore bidez transmititzen diren gaixotasunen (VBD –ingelesezko siglak–) ezaugarri nagusiak laburbilduz. Mapa horiek webgunean ikus daitezke.

Adituen taldeak 36 VDBetako bakoitzak Europan sartzeko zuen arriskua neurtu zuen, banaka; zehazki, ganaduaren edo etxeko animalien mugimenduaren ondorioz sar daitezke. Horretarako, metodo erdikuantitatibo bat erabili zuten, arriskuaren alderdi esanguratsu guztiak kontuan izateko (MINTRISK eredua), baina EFSAk Europara egokitua (VBD-RISK eredua). 

VBD eragile guztietatik (36) zortzik bakarrik izan zuten EBn sartzeko moduko tasa globala (sarrera-tasa, bektorearen transmisioa eta establezimendua kontuan hartuta neurtzen da), eta tasa hori urtean 0,001 sarrera baino gehiagokoa dela kalkulatu zuten. Hona hemen zortzi VBD horiek: Krimea eta Kongoko sukar hemorragikoa, mihi urdinaren birusa, Nilo mendebaldeko sukarra, Schmallenberg birusa, Hepatozoon canis, Leishmania infantum, Bunyamwera birusa eta Highlands J birusa. 

Zortzi gaixotasun horien urteko hedapena ebaluatu zen, eta EBn erabilgarri dauden prebentzio- eta kontrol-neurriak ezartzeko beharra zehaztu zen. Horrez gain, VBDen hibernatzeko aukera ere ebaluatu zen, baita osasun publikoan, animalien osasunean eta nekazaritzako ekoizpenean izan dezaketen eragina ere. 

Gainerako 28 VBDen sarrera-tasa oso txikia zela ondorioztatu zen eta, horrenbestez, ez zen horiekin loturiko beste ebaluaziorik egin. Arriskua ebaluatzeko erabilitako parametro batzuek zalantzak sorrarazten dituzte eta gaixotasunaren egoera ezegonkorra da edo ezin da aurreikusi; hori dela eta, informazio gehiago eskuratutakoan ebaluazioa eguneratzea gomendatzen da. 

Arriskuen ebaluazioa EBko eskualde handietarako eta VBD eragile asko aintzat hartuta egin zen; horrenbestez, lehen hautaketatzat baino ez da hartu behar. VBD jakin baten arrisku-ebaluazio zehatzagoa nahi izanez gero, nazio-mailakoa edo nazioz gaindikoa, EFSA-VBD-RISK eredua doan eskura daiteke.

 

Vector-borne diseases – EFSA