MAPAk informazio-ohar bat argitaratu du, Nafarroa, Gipuzkoa eta Huescako ustiategietan mingain urdinaren 8 serotipoaren 4 foku agertu direla jakinarazteko. Hori dela eta, murrizketa-eremu berriak ezarri dira serotipo horren aurkako txertaketarako. 

Aragoiko Gobernuak atzo konfirmatu zuen mingain urdinaren serotipo hori detektatu dela Broto udalerriko (Huesca) behi-ustiategi batean. Azken hori zenbatuta, lau dira jada aurreko urteko urriaren 21etik deklaratutako fokuak. Nafarroan detektatu zen aurreko urtean animalien gaixotasun hori lehen aldiz, penintsulan 10 urtez desagertuta egon ostean. Ondoren, 2020/10/29an, bi foku jakinarazi ziren, bat Orreagan (Nafarroa) eta beste bat Aian (Gipuzkoa). 

Horiek horrela, beharrezkoa da murrizketa-neurri berriak ezartzea, hiru autonomia-erkidegoetako hainbat eskualderi eragingo dietenak. Datozen egunetan argitaratuko dira, Ministerioaren Agindu bidez. Agindu horretan, murrizketa-eremu bat ezarriko da deklaratutako 4 fokuen inguruan; eta, leku horietan, honako neurri hauek ezarriko dira: 

  • Mingain urdinaren 8 serotipoaren aurkako nahitaezko txertaketa ezartzea 3 hilabetetik gorako ardi eta behi guztientzat.
  • Gaixotasunarekiko sentikorrak diren animalia-espezieen lekualdatzeak murriztea.
  • Zaintza pasiboa indartzea, eta edozein susmo jakinarazteko gomendioa zabaltzea.
  • Hausnarkari-ustiategietan intsektuak hiltzeko jarduketak indartzea. 

Abereak gaixotasun horren aurka babesteko protokoloak ezarri egiten du txertoa eman behar dela nahitaez fokuen inguruko 50 kilometroko eremuan; gainerako eremuetan, boluntarioa izango da. Maila autonomikoan, horrek Gipuzkoako ia lurralde osoari eragingo dio, eta Bizkaiko eta Arabako lurraldearen zati bati. 

Edonola ere, azienda osoaren osasuna bermatze aldera, eta sektorean izan ditzakeen eraginak murrizteko, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek nahitaezko txertaketa ezarri dute beren lurraldeetako behi eta ardi guztientzat, eta beren gain hartuko dute txertoen kostua. Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, babes-eremuko txertaketa bere gain hartuko du, eta txertaketarako borondatezko kanpaina bat sustatuko du lurralde osoan.