EMAk (European Medicine Agency) txosten bat argitaratzen du urtero, albaitaritzako antimikrobianoen kontsumoaren Europako zaintzari buruz (ESVAC proiektua). Bada,azken txostenaren arabera, Europako herrialdeek animaliekin gero eta antibiotiko gutxiago erabiltzen jarraitzen dute; hain zuzen, 2011. eta 2018. urteen artean, albaitaritzako antibiotikoen guztizko salmentek % 34 baino gehiago egin zuten behera.

Bereziki aipatzekoak dira giza medikuntzan maiz erabiltzen diren zenbait antibiotiko. Horien erabilera murriztea oso garrantzitsua da; izan ere, gainerako antibiotikoekin egindako tratamendu gehienekiko erresistenteak diren bakterioek eragindako giza infekzio larriak tratatzeko erabiltzen dira. Esate baterako:

  • Hirugarren eta laugarren belaunaldiko zefalosporinak % 24 murriztu dira.
  • Polimixinak % 70.
  • Fluorokinolonak % 4.
  • Eta beste kinolona batzuk % 74.

ESVAC proiektua asko hazi da: 2010ean bederatzi herrialdek hartzen zuten parte, eta 2020an 31k. Horien artean, 25 herrialdek aurkeztu zituzten datuak 2011-2018 aldi osorako. Proiektuaren helburuak izan dira, hasiera-hasieratik, antibiotikoen salmentari buruzko datuak biltzeko prozesua koordinatzea eta prozesu hori finkatzen laguntzea. Albaitaritzako antibiotikoen salmentari buruzko datuak xede hauetarako erabili dira:

  1. Antimikrobianoekiko erresistentziarekin lotutako arrisku-ebaluazioei eta iritzi zientifikoei buruzko informazioa ematea.
  2. Osasun publikorako eta animalien osasunerako garrantzitsutzat jotzen diren antibiotikoen salmentarekin lotutako kopuruei eta joerei buruzko informazioa ematea.

Herrialde batzuek antimikrobianoekiko erresistentziari aurka egiteko gauzatu dituzten jarduera nagusiak zehaztu dituzte, baita jarduera horiek beren herrialdeko salmentetan zer-nolako eragina izan duten ere. Hauek dira neurri horietako batzuk:

  1. Antimikrobianoekiko erresistentzia gutxiagotan agertzeko ekintza-plan nazionalak.
  2. Animalietan antibiotiko gutxiago erabiltzeko, salmenta-helburuak jaisteko eta elikagaiak ematen dituzten animalietan antimikrobiano jakin batzuen erabilera mugatzeko kanpaina nazionalak.
  3. Animaliei antibiotikoak emateko aginduak kontrolatzeko neurriak

Animalietan antibiotikoen erabilera zuhurra egitea sustatzen duten EBko orientazioak eta kanpaina nazionalak eragin positiboa izaten ari dira. Horrekin lotuta, hau adierazi du EMAren albaitaritzako medikamentuen dibisioko zuzendari Ivo Claassen-ek: “azken hamar urteetan etengabe egin dute behera albaitaritzako antibiotikoen salmentek, eta horrek agerian uzten du Europa bide zuzenean dagoela antimikrobianoekiko erresistentziari aurka egiteko”.