Nazioarteko merkataritzaren arloan, animalia-ongizatearekin lotutako arauak betetzeak lehia-desberdintasunak sortzen ditu Europako operadoreen artean. Bada, Europako Batzordeak, desberdintasun horiek murriztu diren aztertzeko asmoz, “Animalia-ongizatearen arloko nazioarteko jarduerek mundu globalizatu batean europar nekazarien lehiakortasunean duten eragina” izeneko txostena osatu du.

Txosteneko ondorioen artean hauek aipa daitezke:

 

  1. Animalien ongizateari buruzko nazioarteko jarduerak luzerako inbertsioa dira, eta inbertsio horrek hiru urrats hauek ditu oinarrian: sentsibilizazioa, gaitasunen errefortzua eta finantzaketa. Urte hauetan, Batzordeak baliabide garrantzitsuak jarri ditu egitasmo horiek aurrera ateratzeko.
  2. Batzordeak eta EBko estatu kideek animalien ongizateari buruzko sentsibilizazioa sustatu dute mundu osoan, eta emaitza handiak lortu dituzte.
  3. Batzordeak konpromiso sendoa du balioetan oinarritutako nazioarteko merkataritzarekin, «Guztiontzako merkataritza» estrategiak agerian uzten duen moduan, eta garrantzia ematen dio animalien ongizatea sustatzeari.
  4. Batzordeak hirugarren herrialdeekiko elkarrizketan animalia-ongizatea sartzea lortu du.
  5. EBk laguntza handia eman du OIEren arauak egiteko prozesuan.
  6. Aldebiko lankidetzari esker, errazago aplikatu ahal izan dira EBko inportazio-eskakizunak, hilketaren unean animalia-ongizatearen arauei buruzkoak.
  7. Batzordeak ikerkuntzarekin, prestakuntzarekin eta gaitasunen errefortzuarekin lotuta egin dituen jarduerak milaka profesionalengana heldu dira.

Europako Batzordeak, azken urteetan, hainbat ekintza egin ditu mundu osoan animalien ongizatea sustatzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko, alde batetik Europan exijitzen diren baldintzen berri emateko eta bestetik horrek guztiak beste herrialde batzuetako ekoizpenarekiko sortzen dituen lehia-desberdintasunak murrizteko.

Nazioarteko ekintza horien bidez, Europako Batasunak animaliei dagokienez dituen balioak indartu nahi dira, eta animalia-ongizatearen maila egokiak sustatu, batez ere EBko bazkide komertzialen artean. Europako Batzordeak, Animalien babeserako eta ongizaterako EBren estrategian (2012-2015), jada adierazi zuen animalia-ongizateari buruzko xedapenak sartu behar zirela aldebiko merkataritza-akordioetan edota beste lankidetza-modu batzuetan, baita hirugarren herrialdeekin batera zuzenean lan egin behar zela ere.

Txostena 2012an kaleraturiko «Study on the impact of animal welfare international activities» (Animalia-ongizatearekin lotutako nazioarteko jardueren eraginari buruzko azterlana) lanean dago oinarrituta.