Eusko Jaurlaritzak honako dekretu hau argitaratu zuen maiatzaren 24an: 6/2016 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzeko dena.
Araudi-esparru berri honek aukera ematen dio nekazaritzako elikagaien sektoreari erkidegoaren eskakizunak ustiategi txikien ezaugarri berezietara egokitzeko, une oro euren ekoizpenen segurtasuna bermatuz.Dekretua ekoizpen-bolumen mugatu bat (dagokion Jarraibide Teknikoan ezarriko da) duten nekazaritzako elikagaien enpresa txikiei aplikatuko zaie.
Ekoizpen motak lehen mailakoa zein eraldaketakoa dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan zuzeneko salmentaren edo merkaturatzeko zirkuitu laburraren bitartez merkaturatu ahal izango dira, hau da, tokiko edo gertuko salmenta-modalitatean. Nekazaritzako elikagaien enpresek beharko dituzten baimenak eta erregistroak lehen mailako ekoizpeneko oinarrizkoak (REGA Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorra, REGEPA Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorra) izango dira, eta, horrez gain, Osasun Sailari jakinarazi beharko diote aurretik (REACAV).
Dekretua Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Sailak eta Osasun Sailak egin eta izenpetu dute elkarrekin.
Higiene- eta osasun-betekizunen egokitzapena produktu edo produktu talde bakoitzari dagozkion Jarraibide Teknikoetan adieraziko da, eta aurki onetsiko dira Autonomia Erkidegoko Agindu baten bitartez. Orain arrautzen eta esne-ekoizpenaren azpisektoreei dagozkien jarraibideak izapidetzen ari dira, eta, laster, egingo dira beste ekoizpen batzuk; esaterako, barazki-kontserbak eta marmeladak edo ogia eta opilak.

Dekretuaren edukia

  • Helburua: Europako higienearen eta osasunaren arloko araudia Euskal Herriko nekazaritzako elikagaien ekoizpen txikietara egokitzea.
  • Aplikatzeko eremua:ekoizpen-bolumen txikia eta familia-enpresaren egitura duten jarduerak, hala lehen mailako ekoizpena nola eraldaketakoa.Ekoizpen bakoitzaren tamaina eta bolumena zehaztuta egongo dira dagokion Jarraibide Teknikoetan.
  • Merkaturatzea: Euskal Autonomia Erkidegora mugatuta dago, eta tokiko edo gertuko salmentaren modalitatea izango du (salmenta zuzena edo merkaturatzeko zirkuitu laburra).
  • Baimenak eta erregistroak:aurretiko jakinarazpena Osasun Publikoari (REACAV) eta lehen mailako ekoizpenaren arloko oinarrizko erregistroak (REGA, REGEPA).

Aurrekariak

Nekazaritzako elikagaien establezimendu txikiek larri ikusten dute euren errentagarritasuna, Higiene Paketean ezarritako eskakizunak betetzeko egin behar diren inbertsio ekonomikoak direla eta, bereziki eraldaketarako instalazioei dagokienez. Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritzako elikagaien gero eta sektore eta kontsumitzaile gehiagok eskatzen dute osasun- eta higiene-eskakizunen egokitzapenean aurrera egiteko, arlo horretako erkidegoko araudietan ezartzen den moduan.
Hori dela eta, Parlamentuak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Dekretu autonomiko baten bitartez Europako araudi horren egokitzapen bat aplikatu ahal izateko baldintzak erregulatzeko.
Agindu hori betetzeko, 2014ko otsailean Sailarteko Batzorde bat sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Sailburuordetzak eta Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Saileko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak osatutakoa. Hortik aurrera, elkarrekin egin dute lan bi sailburuordetzek, Elikaren koordinazioarekin eta foru-aldundien eta nekazaritzako elikagaien arloko sektore-eragileekin batera.
Dekretu autonomiko hau argitaratu izana aurrerapauso handia da, zalantzarik gabe, elikagaien tokiko ekoizpenaren eta merkaturatzeko zirkuitu laburren arloan egitasmo berriak ezartzeari eta garatzeari dagokionez edo lehendik zeudenak dibertsifikatzeari dagokionez.