Herbehereetako Osasun Publikoaren eta Ingurumenaren Institutu Nazionalak (RIVM) egindako literatur azterketa batek erakusten duenez, simaurraren infekzio-arriskuei buruz ez da ia edo batere ikerketarik egin. Aurkikuntza nagusietako bat izan zen ikertutako bakterio patogenoak sarritan simaurrean egoten direla eta uraren eta haizearen bidez barreia daitezkeela. RIVMren arabera, gehiago ikertu behar da simaurrak gaixotasun baten kargan zenbateraino eragiten duen ikusteko.

 

Herbehereetan, jendea abeletxeetatik oso gertu bizi da. RIVMk abeltzaintzak giza osasunean dituen askotariko eraginei buruzko ikerketak egiten ditu. Azken txosten horretan, zehazki, txerrien eta behi-aziendaren simaurrean egon ohi diren bakterio patogenoen kopuruari buruzko zientzia-literatura aztertu du (izan ere, Herbehereetako simaur gehiena animalia horietatik dator).

 

Patogenoen transmisioa uraren eta haizearen bidez

Ikertzaileek aztertu zuten, alde batetik, patogeno horiek zenbateraino ibiltzen diren uretan eta haizean, eta, bestetik, patogeno horiek zer-nolako arriskuak ekar diezazkioketen giza osasunari. Azterlan esploratorio horren ardatza E. coli bakterioaren aldaera patogenikoa eta metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcus aureus bakterioa (MRSA) izan ziren; izan ere, bakterio horiek ondo irauten dute uretan eta haizean, hurrenez hurren. Era berean, bakterio horiek nola jokatzen duten eta simaurretik gizakiengana nola hedatzen diren jakitea ere baliagarria izan daiteke, beste patogeno batzuek nola jokatzen duten eta nola hedatzen diren jakiteko.

 

Literaturaren berrikuspen sistematiko horri esker, beste pauso bat eman da simaurrean dauden eta gaixotasunak eragiten dituzte bakterioen kopurua identifikatzeko, batetik, eta simaurreko patogenoak ingurumenaren bidez (uretatik eta haizetik) zenbateraino heda daitezkeen zehazteko, bestetik.

 

Simaurrak osasunean eragin ditzakeen arriskuei buruzko ikerketa gutxi

Ondorio nagusia izan da ez dela ia edo batere ikerketarik egin simaurretik datozen eta uraren eta haizearen bidez transmititzen diren patogenoek giza osasunean eragin ditzaketen arriskuei buruz. Horrenbestez, gaur-gaurkoz ezin da zehaztu simaurrak zenbateraino eragiten duen gaixotasunen kargan (kasu honetan, Herbehereetan).

 

Alabaina, azterturiko uretako eta haizeko patogenoak modu erregularrean aurkitu ziren simaurrean. Ikertu ziren E. coli eta MRSA bakterioetan oinarrituta, badirudi infekzio-arrisku txikiagoa sortzen duela haizeko esposizioak, azaleko ureko esposizioak baino. Kasurako, simaurra konpostaren, hartziduraren edo arazketa biologikoaren bidez tratatuz gero, patogeno gutxiago sortuko lirateke.

 

Simaurraren infekzio-arriskuari buruzko RIVMren berrikuspena